Kalean eta epaitegietan borrokatzen segituko du LABek La Sangiovesa jatetxeko kaleratu guztiak berriz hartu arte
Atzo LAB sindikatuko ordezkari batek eta La Sangiovesa jatetxetik kaleratu zuten langile batek epaile baten aitzinean deklaratu behar izan zuten hiru langileren kaleratzeen aurka egin ziren protestengatik. Nahiz eta borrokak fruitu handiak izan dituen, nahiz eta jatetxeko lan baldintzak hobetu diren, LABek berretsi nahi du borrokatzen segituko duela, kalean zein epaitegietan, enpresak kaleraturiko hiru langileak berriz hartu arte.
2018-ko irailak 25
Aurtengo sanferminak hasi baino lehentxeago, Iruñeko La Sangiovesa jatetxeko jabeek mahai gainean jarri zituzten lau kaleratze, LAB sindikatuaren hautagaitza babestu zuten lau langilerenak hain zuzen ere. Horietako kaleratze bat gelditzea lortu zen, ez ordea bertze hirurak, eta horregatik zenbait protesta ekitaldi egin ziren sanferminetako hainbat egunetan. Protesta horiei erantzunez, enpresak salaketa paratu zuen sindikatuaren ordezkari baten kontra eta kaleraturiko langile baten aurka. Salaketa horren karietara deklaratu zuten biek ala biek atzo, Iruñean.
LAB y una trabajadora despedida de La Sangiovesa han declarado hoy ante el juez por las protestas contra los 4 despidos de julio pic.twitter.com/8Jv5Aq6VBO
— LAB Nafarroa (@LABnafarroa) September 24, 2018
Justizia Jauregiaren sarreran, LAB sindikatuaren ordezkari Imanol Salinasek gogoratu zuen nola azken gatazka hau lehertu baino lehen La Sangiovesa jatetxean prekarietate egoera latza baino latzagoa” zuten: “Ez zituzten lan eginiko ordu guztiak ordaintzen; areago, inoiz pizza batekin ordaindu zuten kamioia deskargatzea; ez zituzten hitzarmenaren araberako jaiegun guztiak ematen; hilabeteka eman beharreko lan egutegiak aste batetik bertzera ematen zituzten…”
Prekarietate egoera tamalgarri hari aurre egiteko, LAB sindikatuak bere ekintza sindikala La Sangiovesa barnean antolatu nahi izan zuen. Baina enpresaren erreakzioa izan zen LAB babestu zuten hiru langile kaleratzea. Oraingoz, uztailetik eraman den borrokak fruitu handiak eman dituela azpimarratu dute, Imanol Salinasek esplikatu zuenez: “Lortu dugu lan eginiko ordu guztiak ordaintzea, lortu dugu langileei dagozkien jaiegun guztiak ematea, eta lortu dugu lan egutegiak hilabeteka ematea”.
Baina oraindik ez da lortu kaleraturiko hiru langileak berriz hartzea. “Horregatik, bertze protesta sorta bat hasiko dugu”, gaineratu zuen Salinasek. “Hartara, La Sangiovesako langile guztiak animatu nahi ditugu, bai eta Iruñeko langile klase osoa, borrokan parte har dezaten, hiru langileak berriz hartu arte”.