NAFARROAKO GOBERNUAK EUSKARA BALORATU BEHAR DU OPOSIZIO-LEHIAKETETAN
Euskararen Foru Dekretu berria 2017ko azaroaren 30ean sartu zen indarrean. Handik gutxira iritsi ziren foru dekretuaren ondoko lehenbiziko bi lan deialdiak, eta horietan Nafarroako Gobernuak Euskararen Foru Dekretua urratu zuen.
Administrazioan Euskaraz Taldea
2018-ko maiatzak 21
Suhiltzaile gidari laguntzaileen eta suhiltzaileen peoi laguntzaileen zerrendak osatzeko deialdiak ziren (2017ko abenduaren 28ko NAO). Oposizio-lehiaketaren sistema erabili zen, eta, beraz, euskara baloratu behar zen, baina Nafarroako Gobernuak ez zuen puntuatu.
Administrazioan Euskaraz Taldeak kexa jarri zuen Nafarroako Arartekoaren Bulegoan. Arartekoak, 2018ko apirilaren 5ean gomendio hau eman zuen: Oposizio-lehiaketa sistema erabiltzen denean, eremu euskaldunean eta mistoan euskara meritu moduan puntuatu behar da. Beraz, Nafarroa osorako zerrendak oposizio-lehiaketa bidez egiten direnean, euskara baloratu behar da.
Baina hori ez da okerrena. Beaumont andrearen departamentuak, bere jarrera defendatzeko, honako argudio hau eman zion Arartekoari: Aldi baterako lanpostuen deialdietan ez dela Euskararen Foru Dekretua aplikatu beharrik.
Zer eginen du Nafarroako Gobernuak hemendik aurrera? Euskararen Foru Dekretua gehiagotan urratu? Aldi baterako deialdietan Euskararen Foru Dekretua aplikatzeari utziko dio?