LAB sindikatuak lan istripuak eta gaixotasunak salatzeko ekintza egin du Iruñean
Lan Osasun eta Segurtasunaren Nazioarteko Egunaren bezperan, LAB sindikatuak mobilizazioak egin ditu Euskal Herriko hiriburu nagusietan. Iruñearen kasuan, sindikalistek giza-katea egin dute Gurutze Plazatik Nafarroako Gobernuaren egoitzaraino. Eta ondoren Espainiako Gobernuaren Lan Ikuskaritzak Iruñean duen egoitza 12 minutuz “okupatu” dute.
2018-ko apirilak 27
Nafarroako Gobernuaren egoitzaren parean egindako adierazpenetan, LABeko Idazkari Nagusi ondoko Igor Arroyok oroitarazi du 12 direla iaz Nafarroan hildako langileak. Gainera, Europako Lan Osasunaren Agentziaren arabera lan istripuan hildako langile bakoitzeko lan gaixotasunek hildako 18 daudela kontuan hartuta, 200 baino gehiago lirateke iaz lanaren ondorioz hildako nafarrak. Gainera, azken urteetan istripuen eta horren ondoriozko heriotzen datuak hazten ari dira.
Arroyoren arabera, “ez dago arazo larri honi errotik heltzeko borondate politikorik, ez Estatu mailan ezta Nafarroan ere. Arazoaren erroan azken erreformek sustatutako lanaren prekarizazioa dago. Azpikontratazioak, lan erritmo altuak edota prestakuntza faltak lan istripuetan eragin zuzena duten faktoreak dira. Azken batean, enpresarien etekinak lehenesten dira langileon osasunaren aurretik”.
Gainera, prebentzio legearen eraginkortasunik eza salatu du Arroyok: “Legea ez da betetzen. Espainiako Lan Ikuskaritzak beste aldera begiratzen du. Eta mutua patronalek lan gaixotasunak ezkutatu egiten dituzte, osasun arretaren faktura Osasunbideak ordain dezan”.
Era berean, LABek nafar instituzioen inplikazio handiagoaren falta sumatzen du lan istripu eta gaixotasunei aurre egiteko orduan: “Lan Osasunaren Institutuan hainbat ekintza egiten ari dira, baina oro har esan dezakegu gai hau bigarren edo hirugarren mailakoa dela Nafarroako Gobernuaren agendan. Lan istripu bat gertzen denean ez dute sikiera adierazpen instituzionalik egiten”.
Mobilizazioa bukatzeko, manifestazioaren aurrean joan diren buzo gorriz jantzitako LABeko 12 militanteek Lan Ikuskaritzaren egoitzaren sarrera “okupatu” dute 12 minutuz, iaz Nafarroan lan istripuan hildako 12 langileak oroitzeko.
Horretaz gainera, LAB sindikatuak elkarretaratzea egin du Vianan, herriko plazan; pankartak jarri ditu 12 hildakoak erori ziren tokietan; eta Iruñeko Vianako Printzearen plazako iturria gorriz tindatu du.