“Erabakitzeko eskubidea eraldaketarako bide gisa alor guztietara zabaldu behar dugu”

Sakanako hainbat eragilek burujabetza edukiz janzteko asmoa duten jardunaldiak prestatu dituzte hemendik eta ekainaren 9ra arte, Altsasun mobilizazio egun handia burutuko duten eguna.

2018-ko maiatzak 7

2016-2017 urteetan Nafarroaren eta Euskal Herria osoaren burujabetzari buruzko hainbat herri galdeketa burutu ostean, burujabetza edukiz jantzi eta eraldaketarako tresna gisa alor guztietara zabaldu beharra dagoela azaldu dute Sakanako hainbat eragilek, tartean LAB , Ernai, Euskal Herrian Euskaraz, Bilgune Feminista, Sortu, Belardi eta AHT Gelditu Elkarlana.

“Ezinbestekoa dugu eragiten diguten gaiei buruz hemen erabakitzea: osasuna, pentsioak, hezkuntza, AHT bezalako azpiegiturak, zerbitzu sozialak, euskara, emakumea eta berdintasuna, elikadura, ekonomia, sistema energetikoa, etab. Etorkizuneko gizarte eredua erabaki, azken finean. Berdintasunean eta justizia sozialean oinarritutako gizartea posible delako, alternatibak ditugulako”.

Jardunaldiei amaiera Altasun
Maiatza eta ekaina hasiera bitartean ekimen ugari antolatu diztuzte, hala nola hitzaldi, bertso saio, mendi martxa eta zine emanaldiak, egitaraua  gure agenda atalean ikusgai dago. Eta jardunaldiei amaiera emateko, ekainaren 9an egun handia prestatzen ari dira Altsasun. Datozen egunotan iragarriko dute Altsasuko egitaraua.

Bukatzeko, Euskal Herri burujabea eraikitzeko garaia dela azaldu dute, “inor itxaron gabe, Estatuaren oniritzirik espero gabe”. Jardunaldietan parte hartzeko deia luzatzearekin batera, euskal errepublika burujabea eraikitzeko bakoitzak bere alorretik ekarpena egiteko deia zabaldu dute.

Gehiago