IAko militante ohien irakurketa

Gaur hemen bildu garen pertsonak Ikasle Abertzaleak antolakundeko militante ohi batzuk gara, herri honen askapen nazional eta sozialean diardugun militanteak. Gure asmoa ez da ikasle ohi guztien izenean hitz egitea, ezta ikasle antolakundearen lana tutelatzea ere, egun Ikasle Abertzaleak osatzen duten militanteek heldutasun nahikoa baitute zer egin behar duten jakiteko.

IAko militante ohiak

2018-ko martxoak 26

Hala ere, azken hilabeteetako zalapartatik sortu zaizkigun kezka batzuek batzera
eraman gaituzte, hainbat hausnarketa burutzeko asmoz. 

Zenbait sare sozialetan zein hedabideetan antolakundearen inguruko informazio
desitsuratua zabaldu dela uste dugu, gaur egun ikasle antolakundeak praktikara eramaten
duen jardunbidea zalantzan jarri nahian. Beste aldetik, zurrumurruz-zurrumurru zabaltzen
doazen afirmazio batzuk sorpresaz harrapatu gaituzte, jakin gabe nondik eta ze asmorekin
atera diren. 

Ikasle Abertzaleak antolakundeak bere historian sei kongresu burutu ditu, baita hainbat
bilgune nazional ere. Zuzendaritza politiko bat eta bere erabaki gune lokalak ere baditu.
Kongresu bakoitzean IAren helburu politikoak garatzen joan dira, horrela, helburu
estrategikoak, estrategia eta taktika aldatuz. Euskal Eskola Nazionalaren kontzeptua 1988an
eta 2018an berdina dela pentsatzea akatsa izango litzateke, eta bestela, dokumentu
historikoak irakurtzea besterik ez dago. Aldi berean, garrantzitsua da gogoraraztea Ikasle
Abertzaleakek independentziaren aldarria VI. kongresuan egiten duela lehen aldiz, 2012an
Euskal Eskola Nazionala Euskal Estatu batean kokatuz lehenengoz. Ondoren etorri zen,
2014ean burututako Bilgune Nazionalean, Euskal Eskola Nazionala Euskal Herria sozialista
eta feministan kokatzearen erabakia. 

Ikasle Abertzaleak, bere jaiotzetik Euskal askapen nazional eta sozialean kokatu den
hezkuntzako herri eragile autonomoa izan da. Bere burua herri mugimenduan kokatu izan du
beti, eta bere autonomia osoz erabaki izan du zeintzuk izan diren bere bidelagunak Euskal
Eskola Nazionala lortzeko bide horretan. Gure ustez, horrek eman dio Ikasle Antolakundeari
gaur egun duen izaera irekia, eta etorkizunean hala izatea nahi baldin badugu, bere autonomia
errespetuz mantentzea dagokigu. Historikoki Ikasle Antolakundearen barruan egon diren
espresio militanteen arteko sintesia izan da antolakunde honek garatutako praktika eta
diskurtso politikoa, eta modu berdinean ulertu behar dugu gaur egunean darabilena ere. 

Kritika eta autokritika militante ororen betebeharra dugu, eta eztabaida zabaldu eta
garatzeko baliagarria dela iruditzen zaigu, baina inolaz ere, jarrera paternalista batekin
burutzen baldin bada. Berdintasunean militantetik militantera egiten den ariketa sano bat dela
ulertzen dugu. 

Bestalde, erabakiak hartzeari dagozkion formen inguruko eztabaida ere antolakunde
bakoitzak bere barne arauen bitartez kudeatu beharreko gatazka dela uste dugu; inolaz ere
eztabaida publikoaren bitartez, eduki politikoa baldintzatzeko arma gixa. Beraz, ikasle
antolakundearen autonomia babestea ezinbestekoa izango da, bere garapen propioa askatasun
osoz egin dezan. 

  • Ikasle Abertzaleak militante eskola bat izan da 30 urtez eta hala izaten jarraitzea
    ezinbestekoa iruditzen zaigu, herri honen askapenaren garapenean. Hemen gauden
    militanteontzat hala izan da eta hala izatea gustatuko litzaiguke gure atzetik datozen militante
    berrientzat ere. 
  • Hemen gauden militanteok ikasle antolakundearen jardunarekiko ikuspegi anitzak ditugu,
    hemen batzen gaituena Ikasle Abertzaleaken autonomiaren defentsa da. Zentzu horretan, dei
    egiten diegu:
  • Ikasle Abertzaleak bere egin duen militante orori Ikasle Abertzaleaken autonomia
    defendatzera. 
  • Euskal Herriko eragile politiko, sindikal eta sozialei Ikasle Abertzaleaken jarduna
    errespetatu eta aintzat hartzera. 
  • Euskal askapen nazional eta sozialarekin bat egiten duten pertsonei, zurrumurruetatik
    haratago, ikasle antolakundeak egiten duen praktika politikoan begirada jartzera,
    modu horretan egon daitezkeen intentzio txarrak alboratu ahal izateko. 
  • Ikasle antolakundearen jarduerarekin bat egiten ez duten pertsona eta eragileei bere
    jarduna ez oztopatzera. 
  • Azkenik, Ikasle Abertzaleaki, ikasle mugimenduaren erreferente izanik,
    independentzia, sozialismoa eta feminismoaren bidean Euskal Eskola Nazionalaren
    eraikuntzan lanean jarraitzera, hori izango baita herri honi egin diezaiokeen ekarpenik
    handiena. 

Gora Euskal Eskola Nazionala! 

Gora Ikasle Mugimendua! 

Gora Ikasle Abertzaleak!

Gehiago