600 euroko isun bat Altsasuko gazte bati “gazterian bakean uzteko” eskatzeagatik
Martxoaren 10ean, larunbata, gazte bati 600 euroko isuna jarri zioten Guardia Zibilek etxera bidean zihoala. Altsasuko isunen taldeak azken urtean, gutxi gorabehera, 4600 euro eskatu dituztela azaldu dute.
2018-ko martxoak 14
Pasa den larunbatean, martxoaren 10ean, jazo zen gertakaria. Gazte bat etxera oinez zihoala, Guardia Zibilak geldiarazi zuen. Altsasuko isunen taldeko kideen esanetan, gazteak gazteria bakean uzteko eskatu zien Guardia Zibilei; azken hauek, ordea, atxilotzearekin mehatxatu zuten 600 euroko isuna ezarriz.
“Berriz ere babesgabetasun izugarrian ikusten ditugu gure buruak mozal legeak okupazio indarrei ezarri dien eskumen bidegabeekin”, azaldu dute isunen taldekoek; izan ere, azken urtean 4600 euro inguru eskatu dituzte isun politikoetan eta azken zazpi urteetan 45.000 euro, gutxi gorabehera.
Isun politikoak jaso, eta laguntza nahi izanez gero, isunak.altsasu@gmail.com helbidera mezu bat bidaltzea posible dela gogorarazi dute taldeko kideek.