Pegatina faxistak agertu dira Lizarrako kaleetan
“White Europe” eta gurutze zeltikoaren pegatinak agertu dira Lizarrako kaleetan zehar.
2018-ko otsailak 27
“Europa zuria aldarrikatzen dute gaur egun bizi dugun egoera larria kanpotarrek eragina izango balitz bezala”, salatu dute Lizarraldea Antifaxista taldetik. “Aski ondo dakigu langile klaseak jasaten duen zapalkuntza bertako burgesiak (elite oligarkikoek bereziki) eragiten dutela, oso europar eta zuriak diren horiek. Ustezko europar supremazia honetaz baliatuz munduko beste txokoetan gerrak pizten dituzten horiek, bere interes inperialistak defendatuz beti ere. Hala, sektore faxista erreakzionario honek ikustarazi nahi digu krisi ekonomikoa, eta langile klaseak jasaten duen beste arazo asko, Europatik kanpoko jendea bizi ahal izateko bertara lan egitera etorri behar izatea dela”, salatu dute.
Antifaxisten esanetan ezin dira diskurtso arrazista, xenofobo, homofobo eta matxista hauek “langile klasearen sektoreetan eragina izaten utzi”, honek “langile klasearen sektore bat zapaltzen” duelako, “bidegabeki”.
“Ezinbestekoa da langile klasea klase elkartasunaren bitartez batzea, langile klasearen baitan existitzen diren sektore zapalduenek (emakumeak, etorkinak, gazteak…) jasaten dituzten erasoei aurre egiteko”, aipatzen dute.