Espainiako armada dago Ezkabako ihesaldiaren ibilbidea erabiltzen duen La Fuga Trail lasterketaren laguntzaileen artean

Haserrea zabaldu da sare sozialetan, La Fuga Trail izena baitauka eta Ezkabako presondegitik ihes egin zuten horien bidea jarraitzen baitu. 1938an izan zen Ezkabako ihesa: 795 presok alde egin zuten eta horietatik 239 hil ziren.

2018-ko otsailak 16

Lazgarria izan zen 1938ko Ezkabako presondegiko ihesa: 795 presok egin zuten eskapo, 239 hil ziren -batzuk frankistek erailak, ia 200 inguru; beste batzuk, ingurugiroaren eta eguraldiaren zailtasunak medio zenduak-, 500 atxilotuak izan ziren eta hiruk baino ez zuten lortu Urepelera iristea. Frankistei dagokienez, hiltzaileek goi postuak eskuratu zituzten eta laudatuak izan ziren.

Oroimenarentzako tokia da Ezkaba, beraz, memoriaren elkarteen arabera, frankismoak jazarritakoak eta hildakoak gogoratzeko espazioa. Ez da kasualitatea beraz, La Fuga Trail lasterketak sorturiko haserrea: presoek egindako ibilbidea erabiltzen du, korrika egiteko; ez da hori arazoa, ordea. Laguntzaileen artean Espainiako armada dago, bai eta Diario de Navarra egunkaria ere.

80 urte dira
Orain dela 80 urte izan zen Ezkabako ihesa eta, oraindik orain, ez dituzte aurkitu erailak edota egoeraren ondorioz hilak izan ziren guztien arrastoak. Orain, eta Nafarroako Gobernuaren iniziatibaz, GR-225 Ibilbidea aurkeztu dute. Ezkabako presondegitik ihes egindako herritarrek egin zuten ibilbidea markatu dute. Informazio panelak ere jarri dituzte: ibilbidearen beraren azalpenekin eta Ezkaba mendian izandako gertakarien inguruan.

Maiatzaren 22an beteko dira 80 urte 795 presok ihes egin zutenetik presondegi hartatik. Gehienek, 586k ez zuten lortu helburua eta berehala atxilotu, torturatu eta asko fusilatu egin zituzten.

225 izeneko ibilbideak 53 kilometro luze ditu eta 4 etapatan bereiztu dute.

    Lehenengoan, proposamena, Ezkaba menditik Olabera joatea da, 14,5 kilometro eginda.
    Bigarren etapan, Olabetik Sangusera beste 13,5 kilometro eginda.
    Hirugarrenik Salgusetik Sorogainerako bidea osatzea litzateke 15,4 kilometro eginda.
    Laugarren etapan, Sorogainetik Urepelera iristea da xedea 9,8 kilometro eginez.

Gainerako mendietako ibilbideek bezala, informazio xaflak izanen dira ibilbidean barrena. Bidearen ezaugarriak azaltzeaz gainera Ezkaban gertatutakoa ere gogoratuko dute.

Ezkaba Proiektua, martxan
Ezkaba proiektuaren barruan, ekimen berri bat ere iragarri dute. Erkidegoen Arteko Sarea sortu berri dute, bederatzi erkidegok osatu dute jada eta lehenengo topaketak Iruñean eginen dituzte martxoaren 15 eta 16ean.

Baina, horretaz gainera, beste lau lan ildo ere baditu Ezkaba Proiektuak:

Lehenik eta behin, Ezkabatik ihes egindakoen arrastoak bilatzen jarraituko dute, deshobiratze lanak egiteko asmotan, Aranzadi elkartearen laguntzaz jada iaz abiatutako bidean. “Memoria elkarteekin bat” garatutako egitasmoa dela azaldu du Baraibarrek. Guztira 33 gorpuzkin topatu dituzte herri desberdinetan lurperatuak zeudenak.

Bigarrenik, ihes egin zutenek segitutako bidea markatuko duen bidea GR225.

Hirugarrenik, botilen hilerrian gazteentzako nazioarteko lan eremua muntatuko dute, 131 presoen arrastoak gordetzen dituen kanposantuan. Udan dagoeneko izan zen ikasle talde bat.

Laugarrenik, presoen inguruko emakumeen elkartasun sareek izandako indarra gogoan, liburu bat kaleratu du Nafarroako Gobernuak, Amaia Kovachsen ikerketa ardatz hartuta Sareak Ehotzen izenekoa.

Gehiago