Urtarrilaren 14an ospatuko da Etxarri Aranatzen “Zama doinuz arindu III” Elkartasun jaialdia
Aurtengo “Zama doinuz arindu III” jaialdian Mikel Urdangarin, Niko Etxart, Alex Sardui eta Haimar Arejita (Gatibu), Kutxi Romero, Ines Osinaga, Petti, Ekiza (Wilis Drumund) eta Irati Lasa eta lagunak izanen dira.
2017-ko abenduak 27
Hirugarren urtez, datorren urtarrilaren 14an Etxarri Aranazko Kultur Etxean “Zama doinuz arindu” elkartasun jaialdia ospatuko da. Bi emanaldiak izanen dira (arratsaldeko 17:30 eta 19:30) Etxarriko Sare Herritarrak antolatzen duen euskal preso eta iheslarien eskubideen aldeko jaialdi honetan. Euskal Herriko abeslari ezagunek “urtetako gatazkak oraindik gainean dugun zama arintzeko” aukera emanen dute.
Jaialdi honen helburua da “euskal presoei apikatzen zaien salbuespenezko legedia salatu eta hortaz ematen diren hainbat eskubide urraketen zama arintzea” eta aldi berean “urtetan luzatu den gatazkaren konponbidean urratsak ematearen aldeko mezua zabaltzea”.
Aurtengo “Zama doinuz arindu III” jaialdiaren kartelan Mikel Urdangarin, Niko Etxart, Alex Sardui eta Haimar Arejita (Gatibu), Kutxi Romero, Ines Osinaga, Petti, Ekiza (Wilis Drumund) eta Irati Lasa eta lagunak agertzen dira. Sarrerak 15 euro balio du eta Etxarri Aranazko Udaletxeko kultura bulegoan erosi daiteke edo www.etxarriaranatz.eus web gunean, eta baita ere Etxarri Aranazko Xapatero eta Leku Ona tabernetan.