Kontzentrazio bat eginen dute Altsasun emandako azken eraso faxista salatzeko
Zubiondo Elkarte Gastronomiko Kulturalak, Abenduaren 19ko gauean, “Falange “talde ultraeskuindarraren partetik jasotako mehatxu eta eraso faxista salatu du Falange talde ultraeskuindarraren inpunitatea azpimarratuz. Larunbatean, 20etan, kontzentrazio bat eginen da elkartearen aurrean.
2017-ko abenduak 22
Azken urteotan Sakanan eta Euskal Herriko hainbat txokoetan izandako eraso faxistak Falange talde ultraeskuindarri leporatu dizkio Zubiondo Elkarteak. Otsoportilloko oroigarrian, edo ta Koxka tabernan azken hilabeteotan agertutako pintaketak eta aste honetan bertan elkarte honetan jasandako mehatxuak dira azken adibideak. “Egunerokoak dira ere, sare sozialetan talde honi lotutako perfiletan agertutako mehatxu eta irainak”, gogoratzen dute, eta talde honek “jarduten duen inpunitatearekin kezkatuta” azaldu dira.
“Nafarroan Espainiar Gobernuaren Delegaritzak eraso hauekiko duen erantzun eza eta pasibotasuna agerian geratu da berriz ere. Jaso dugun eraso hau, adibidez, orain aste bat sare sozialen bitartez iragarria izan zen. Hala ere, ez dute inolako trabarik izan hau burutzeko”, esan dute.
Mehatxatuta eta erasotuta izan arren, argi eta garbi utzi nahi dute holako jarrerak ez dituztela “gure herriko dinamiketan parte hartzeari uztearaziko, eta orain arte bezalaxe, herriko eragileekin elkartasunean jarduten jarraituko dugu”.
Azken eraso hau salatzeko, larunbatean iluntzeko 20.00etan, Zubiondo elkartearen aurrean burutuko den elkarretaratzean parte hartzeko deia luzatu dute.
Gehiago
Iruñeko Arrozak ekimenak totalitarismoari eta gorroto diskurtsoei aurre egiteko deialdia egin du urriaren 12an
Zizurren arrazismoa eta xenofobiaren amua ez irensteko deia egin dute VOX alderdi ultrak adin txikiko zentro baten aurkako kanpaina eta gero
1
