Zer partekatzen dute PAIk eta 155 artikuluak?

Azken hilabeteotan, Katalunian kanpaina gaitza egin da eskola publikoaren aurka. PP eta Ciudadanos alderdiek batik bat, maiz aipatu dute irakasle katalan gehienak muturreko nazionalistak direla, eta umeak doktrinatu, eta Espainia gorrotatzen irakasten dietela. Baina hau dena ez zaigu arrotz gertatzen Nafarroan, aspaldi aditu ditugulako gisa horretakoak D ereduko irakasleei buruz.

Amaia Zubieta eta Raul López. STEILAS sindikatuko bozeramaileak.

2017-ko azaroak 10

Bereziki “oparoa” izan zen Yolanda Barcina Nafarroako lehendakaritzan egon zen legealdia.
Horrela, 2013. urteko udazkenean, zabaldu zuten eskuineko komunikabideek ustez Guardia
Zibilak eginiko txosten bat, eta bertan esaten zen Nafarroako D ereduko irakasleen % 5ek
harreman zuzena zuela ETArekin eta % 25ek haren inguruarekin. Oroitu behar da garai
horretako liburu debekatuen zerrenda Euskal Herriko mapak edukitzeagatik. Eskuindarren
iritziz ikasleak arrisku handian zeuden eta egoera konpontzeko neurriak hartu behar ziren;
ingurumari horretan Barcinak adierazpen ospetsu batzuk egin zituen: Hezkuntza
Departamentua ingelesezko irakaskuntza eskaintzen ari zela euskarazko eskariari aurre
egiteko. 

Hortaz, garbi ikusten dugu lotura: alde batetik erasotzen dira irakasle euskaldunak eta,
bestetik, PAIko eskaintza handitzen da. Kontuan hartu behar dugu 2011-15 legealdian
eskaintza hori hirukoiztu zela, 28 ikastetxe izatetik 90 izatera igaro zirela. Baina hori ez zen
bakarrik Nafarroan jazo; Balearretan, adibidez, hiruelatasun Dekretua ezartzen saiatu zen
bertako PPko Gobernua 2014-15 ikasturtean, katalanaren bidezko irakaskuntza izugarri
jaisteko. Horrela, saio gehienak katalanez izatetik pasatuko ziren heren batera eta hemen,
berriz ere, ingelesa aitzakiatzat harturik. Zorionez, jendartea biziki mobilizatu zen
Dekretuaren aurka eta lortu zuten gelditzea. Hurrengo urtean, aldaketako gobernuak bertan
behera utzi zuen. Nafarroan, alabaina, ez da berdin gertatu PAIrekin; aitzitik, are gehiago
hedatu da, eta ez da abiarazi laukoak agindutako programa eleaniztun berria. 

Aurten ere arazoak egon dira Valentzian, hango Hezkuntza Departamentua saiatu baita beste
eleaniztasun dekretua ezartzen, non lehentasuna ematen zitzaion katalanari, eta Auzitegi
Gorenak ez du onetsi. Horrela, ikusten dugu zein den Estatu Espainarreko eskuin
neofrankistaren estrategia, bertako hizkuntzetan ematen den irakaskuntza kriminalizatu,
esanez irakasleak terroristak edo nazionalista erradikalak direla eta, bestalde, ingelesa
bidezko irakaskuntza eskaini, hizkuntza berekia okerrago edo batere ez ikasteko. 

Espainiako Konstituzioaren 155. artikuluaren bultzatzaileek azpimarratu dute Kataluniako
eskola publikoaren errua indepentismoaren gorakadan eta asmoa azaldu dute errotik
aldatzeko. Orain arte, ahalegindu dira gaztelaniazko ereduak zabaltzen Kataluniako
eskoletan, auzitegietako epaien bitartez, baina oso arrakasta txikia izan dute. Orain, artikulu
horrekin aukera paregabea igartzen dute PP eta Ciudadanos alderdiek hainbatetan
proposatu dutena egia gauzatzeko. 

Errepresio bortitzari ekin diote Katalunian: Gobernu zilegiaren gehiena atxiloturik dago
Madrilen eta, gainerakoa, erbesteratua Bruselan eta, jadanik, irakasleak hasi dira zapalkuntza
pairatzen: Seu d ́Urgell-eko hiru eskolatako zortzi irakasle deitu dituzte deklaratzera
epaitegian, beraien geletan urriaren 1eko erreferundumean pasatutakoa jorratzeagatik. Era
berean, UPNk eta PPk mehatxatu dute euskal gizartea 155. artikuluarekin, badirudi laster
hasiko direla, berriz ere, irakasle euskaldunen kontra.

Gehiago