“Bide eman euskarari, berdintasunaren alde” lelopean abenduaren 16an manifestazioa deitu du Kontseiluak

Hilaren 16an manifestaziorako urgentziazko deialdia egin du Kontseiluak azken asteotan gertatutakoek, bereziki zerrenda bakarraren aferak, bultzatuta. Gizarte nafarraren kohesioaren eta normalizazioaren alde eta nafarren eskubideen berdintasunaren aldeko mobilizazioa izango da eta baita hainbat eragile sustatzen ari diren jarrera antisozialak salatzeko ere.

2017-ko abenduak 5

Agerraldia hasteko, nondik gatozen ekarri du gogora Bilbaok: “2015etik, euskalgintza bultzatzen aritu da Nafarroako erakundeetara aldaketa politikoa iristeko, euskaratik ere.
2016an, manifestazioa egin genuen Bide eman euskarari lelopean, bultzatzeko Gobernua neurri ausartak hartzera”, esan du Kontseiluko eledunak.

Legealdiaren lehen erdian, Gobernuak zenbait urrats egin dituela onatu du Bilbaok, baina hauek herabeegiak izan direla esan du eta Kontseiluak horiek kritikatu dituela gehitu. “Ordea, orain, hezkuntzako lan deialdietan zerrenda bakarra erabiltzeko Gobernuaren erabakia ausarta ez ezik egokia ere izan da, eta horrela jakinarazi dugu publikoki. Euskaldunok behar dugun aldaketaren erakusgarri da, zalantzarik gabe, euskaldunak zokoratu eta diskriminatu dituen araudia baliogabetzea”.

Hezkuntza sailaren erabaki aurreragarria deusezteko, lege bat proposatu du PSNk, premiazko prozedura erabiliz, eta Gobernua sustengatzen duen Izquierda-Ezkerraren laguntzaz. Gogoratu du, halaber, legealdi hasieratik izan duela Kontseiluak kezka, laukoan adostasunik ez zegoelako euskarak eta euskaldunok behar ditugun aldaketak gauzatu daitezen.

Argi azaldu du Bilbaok azken egunotan gertatutakoaren inguruko iritzia: “zerrenda bakarraren aurka eginez, gizarte kohesioaren eta justizia sozialaren aurka ari dira. Gainera, lanerako eskubidea zalantzan jartzen ari dira, euskara ez jakiteko pribilegioari eutsi nahian, eta euskara jakitea zigortzen ari dira. Alde orotatik da antisoziala”.

Gobernuaren erabaki aurreragarri hau babesteko deia egin die euskaltzaleei, “euskararen mesederako izateaz gain, gizartearen normalizazioaren onerako baita. Konplizitateak eraiki behar ditugu euskaraz bizi nahi dugunon artean, eta euskaldunon eskubideon aurka ari direnen jarrera baldintzatzea lortu behar dugu, kaletik. Herritarrek ez dute ulertuko ezta onartuko ere berreskuratzea UPNk indarrean jarritako erabaki baztertzaile bat, aldaketa politikoa ahalbidetu zuten alderdi batzuen babesarekin. Entzun gaitzatela”.

Abenduaren 16an izango da manifestazioa, eguerdian, Iruñean. Autobus Geltoki Zaharretik abiatuko da eta Bilbaok esan duenez, “gizarte nafarraren kohesioaren eta normalizazioaren alde, nafarren eskubideen berdintasunaren alde”, egingo da.

Gehiago