Zirt edo zart! Mamboa dantzatzeko ordua!

Aurrera edo atzera. Espainiar estatuaren eta govern/parlament-aren arteko demak, gatazkak edo dena delakoak, ez du iraungo denbora asko bere horretan; batez ere, herriak aurrera egiten ez badu botere berri bat eraikiz, hau da, Errepublika herritarra eta soziala.

Joxe Iriarte “Bikila” - Alternatiba

2017-ko urriak 25

Izan ere, prozesu iraultzaileek luze jo dezakete (eta Kataluniakoak bost urte daramatza
hasi zenetik), gorabehera handiak izaten dituztelarik irauten duten bitartean. Alabaina,
une erabakigarrira iritsiz gero, atzera edo aurrera egiten dute; jauzi kualitatiboa emanez,
kasu honetan Errepublika Independentea gauzatuz, edo kontrairaultza garaile gertatuz
Estatu etsaiak iraultza mendean hartuta; kasu honetan, Espainia eternalak bere legea
ezarriz. 155. artikulua hasiera besterik ez da. 

Auzitegi Konstituzionalak Estatutu berria indargabetu zuenean Kataluniak iraultza
demokratikoa hasi zuen, protesta eta haserretik independentziaren aldarrira jauzi eginez.
Iraultza diot, eta ez soil-soilik borroka politikoa. Egia da iraultza horrek mugak izan dituela,
batez ere alde sozialetik. Neoliberalismoa jaun eta jabe den garaiotan, objektiboki inoiz
baina garrantzitsua izan beharko luke nazio askatasuna, demokrazia bera eta justizia
soziala uztartzeak; baina, nahiz eta CUP saiatu den horrela izan dadin, nazio estaldura
arazo sozialen gainetik nabarmendu edo azpimarratu izan da usu, prozesua gerriko gorria
deritzon zonaldeetan txertatzeko ahaleginak zailduz. Bestaldetik, instituzioek egoera
esanguratsuetan kalea estali izan dute, ia monopolizatu arte, erritmoak motelduz eta
lorpenak gradualki gauzatuko zirela irudikaraziz; alegia, hausturarako prestatu beharrean,
legalitate berriak zaharra urratsez urrats ordezkatuko zuela. 

Haustura, horra hor gakoa. Azken garaietan, eta prozesuaren erreferendumaren ildoan
jarrita, batez ere, ANC eta Omnium erakundeen eskutik, antolamendu klasikoaz gain,
herriz herri, auzoz auzo, tokiz tokiko talde eta antolamendu modu berriak sortu dira,
mugimendua zabalduz, indartuz eta saretuz. U1ean izugarrizko garrantzia izan zuten herri
harresiak dira horren adibide. Gainera, ikasleak, irakasleak eta langileak preseski
mobilizatzen hasiak dira, U3ko greba orokorrean ikusi zen bezala. Sektore horiek ohartu
dira prozesua U1ean amaitu zela eta gerriak mamboaren dantza herritarraren erritmoan
mugitzeko garaia dela. 

Urriaren 10ean, Puigdemontek independentzia aldarrikatu eta, aldi berean, bertan behera
utzi zuenean, dantzariak noraezean geratu ziren musika aldaketarekin; eta Espainiako
gobernuak, berriz, ofentsiban zegoena defentsiban jartzeko aukera ikusi zuen, eta
alderantziz. Hori oso arriskutsua da Kataluniako herriarentzat. Nire uste apalean, Mas
Puigdemontekin ordezkatzearekin bete betean asmatu zuten prozesuaren etorkizunerako;
baina Puigdemonek ere bere mugak azaldu ditu (azken finean, PdCATeko kidea da), eta
Errepublikaren aldarrikapena bertan behera uzteak onurak baino, kalteak ekarri dizkio
mugimenduari. Eskerrak PPren gogorkeriak ez diola tarterik utzi eta, gauzak okertzen ez
badira, horrek ura bere bidera ekarriko du. 

Une honetan, elkarrizketaren mezuak eta antzekoak, hutsalak izateaz gain, porrotaren
adierazle dira. Jakina, bestelako bideak ez du garaipenaren bermerik. Halako talka batean
garaipena inoiz ez da gauza segurua, baina egoerari aurre egin ezean, porrota da seguru.
Eta txarrean ere, kikildu ez izanak, aurrera begira borrokan jarraitzeko egoera hobean
jarriko lituzke. 

Zirt edo zart, ez dago beste aukerarik. Espainiako Estatuarekin hautsi eta Errepublika
soziala aldarrikatu, desobedientzia eta erresistentzia zibilaren bidetik aurrera eginez,
azken hilabeteetan erroturiko erakunde, mugimendu sozial eta politikoak zutabe izanik.
Errepublika soziala, eta ez liberala, Kataluniako herria behartsuen interesekin lotuz, herriz
herri eta auzoz auzo antolatuz, errepresio polizialari eta politikoari aurre eginez. 

Eta gurekin zer? PP garaile aterako balitz, kontra-erreformaren gau beltzaren atarian
geundeke; Estatuaren gaurko krisi soziala eta politikoa modu atzerakoian itxiko lukete,
bere ezaugarri erreakzionarioenak sendotuz eta indartuz. Espainia beltzak berriro
irabaziko luke eta, Kataluniako herriak ez ezik, Espainia gorriak eta guk ere, jai-jai. 

Horregatik: kalera, kalera….

Gehiago