LAB, Steilas eta ELA sindikatuek zerrenda bakarraren alde egin dute Nafarroako Parlamentuan

Nafarroan irakaskuntzako oposizioak bitan banatuta egiteak irakasle euskaldunak baztertzen dituela salatu dute gaur euskal sindikatuek Parlamentuan.

2017-ko urriak 31

LAB, Steilas eta ELAko ordezkariak Hezkuntzako batzordean egon dira, orain arteko sistemaren bazterkeria salatu dute eta zerrenda bakarraren alde egin dute. Bitartean, hiru sindikatuetako bertze ordezkari batzuek elkarretaratzea egin dute Parlamentuaren aitzinean “Irakasle elebidunen eskubideak bermatu” zioen pankarta eskuetan zutela.
UPNk 1990eko urteen hasieran ezarri zuen sistema Nafarroan baino ez dago, eta irakasle euskaldunak baztertzen ditu. Gaurko egunean, Nafarroan ari diren irakasle euskaldunek, gutxienez, bi hizkuntza dakizkite: euskara eta gaztelania. Alegia, elebidun guztiak eskolak euskaraz zein gaztelaniaz emateko gai dira. Baina funtzio publikora sartzeko ezarria dagoen sistema bikoitza dela-eta, irakasle elebidun horiek ezin dituzte gaztelaniazkoen lanpostuak hartu, oposizioa euskaraz eginez gero lanpostu horiek hartzeko atea itxita baitaukate.
Espainiako estatuko bertze erkidegoetan, irakaskuntzako oposizioak espezialitatearen arabera egiten dituzte. Hau da, Matematikako irakasle izan nahi duten hautagai guztiek batera egiten dute Matematika azterketa, eta gero, lanpostuak banatzeko orduan, bakoitzak dituen hizkuntz profilen arabera aukeratuko du lanpostu bat edo bertze. Horri deitzen diote “zerrenda bakarra” eta halako sistema bat Nafarroan ezartzea nahi dute LAB, Steilas eta ELA sindikatuek.

Gehiago