Aldapako Sanferminak ospatzeko Alde Zaharrak 125 ekitaldi baino gehiago antolatu ditu
Auzo honetako jaiak irailaren 22a eta 24a bitartean izango dira. Iazko jarduna arrakastatsua izan zenez, aurten Auzogunea berriro Santo Domingoko baratzetan kokatuko da eta eraso sexisten kontrako protokolo bat martxan jarriko dute.
2017-ko irailak 18
Alde Zaharrak Aldapako San Fermin jaiak ospatuko ditu irailaren 22a eta 24a bitartean, auzo osoan zehar barreiatutako 125 ekitalditik gora bilduko dituen programari esker. Hilaren 15etik aurrera jaien aurreko jarduerak izango dira eta hilaren 22an, 12.00etan, Udalbatza Txikiak ofizialki emango dio hasiera festari, Corazonisten plazan egingo den txupinazoaren bitartez.
SF Txikito 2017 by Ahotsa.info on Scribd
Iaz izandako esperientzia arrakastatsuaren ondorioz, Auzogunea berriro Santo Domingoko Baratzetan jarriko da, Hezkuntza Departamentuaren parean dagoen aparkalekuan. Horren bitartez, ekitaldirik zaratatsuenak bizilagunen etxebizitzetatik ahalik eta urrunen jarriko dituzte, jaien ondorioz eragiten zaizkien eragozpenak saihestu asmoz. Auzoguneari hasiera ostegunean emango zaio, arratsaldeko zortzietan, eta, besteak beste, haur zein helduentzako ekitaldiak aurreikusiak daude bertan, baita 400 lagun ingururentzat antolatuko den bazkari solidarioa. Jakina, kontzertuak bertan izango dira. Ostegunean 21.30etan hasiko dira, ostiralean 23.00etan eta larunbatean 23.30etan. Aurtengo berrikuntza gisa, nabarmendu beharra dago ostiral eta larunbat gauean Auzogunean Hegoak taldearen autobusa izango dela. Bertan, drogei buruzko informazio emateaz gain, substantzien azterketa egin ahal izango da, drogen kontsumoaren ondorioz sortzen diren arriskuak saihestu asmoz. Honi loturik, Jai Batzordeak kontsumo arduratsua eta portaera egokiak izateko deia zabaldu nahi du.
Ohiko jai-gune eta jarduerez aparte, aurten oso gune berezia izango da: Pellejerias kaleko Piparrika auzo-baratza komunitarioa. Toki hau berria da, auzokideen ahaleginari esker lortua, eta, ohiko ordutegian irekita egoteaz gain, larunbateko 19.00tatik aurrera festa-giro lasaiagoaz gozatu nahi duen jendeak espazio berezi hori eskuragarri izango du.
San Jose plazan, berriz, errefuxiaturik dauden pertsonekin bat egiten duten elkartasun taldeek Serbian eta Grezian egiten ari diren lanari buruzko erakusketa egingo dute, bertako irudi eta testigantzez osatua. Horrez gain, Grezian errefuxiatuentzat egiten dituzten otorduak emango dituzte. Erakusketa larunbata eta igandean izango da ikusgai, 11.00etatik 20.00etara eta larunbatean, 20.00etatik 24.00etara, errefuxiatuei egiten zaizkien jakiak dastatzeko aukera egongo da.
Haurrentzako aktibitateak
Haurrek hainbat eta hainbat jarduerez gozatzeko parada izango dute, erraldoien irteera, haurrentzako entzierroa eta zezen-suzkoa barne. Haurrentzat entzierroak egunero izango dira, 20.00etan; zezen suzkoa, aldiz, ostirala eta larunbatean 22.00etan izango da eta igandean 20.30etan. Auzoko erraldoiak egunero irtengo dira, ordu desberdinetan: ostiralean 17.00etan, larunbatean 11.00etan eta igandean 17.30etan. Gainera, larunbatean 18.30etan, Iruñeko erraldoi eta buruhandien konpartsa izango da Alde Zaharreko kaleetan barna.
Beste aldietan bezala, Aldapako San Ferminetako jai batzordeak argi utzi nahi du ospakizun hauetan ez dela inolako jarrera matxista edo homofoborik onartuko, urtean zehar gertatzen den legez. Norbaitek edozein tankerako eraso matxista pairatu edo ikusten badu, honoko telefono zenbakira deitu dezake: 699 687 687 edo erasosexistarikez@gmail.com helbidera mezua bidali, etengabeko arreta zerbitzua izango baita bertan.