Herria bizirik

Antza denez bada turistifikazioaren inguruan sortutako polemikak grazia handia egin dionik, broma baten modura hartu baitute. Guri ez digu batera graziarik egiten, baina, susmoa dugu kontua dela zer nolako ikuspuntutik (eta bizitza posiziotik) abiatzen den bakoitza.

Lur Albizu eta Mikel Urdangarin (Ernai gazte antolakundeko kideak)

2017-ko abuztuak 9

Bada garaia ergelak izango bagina bezala tratatzeari uzteko, aurrera eramaten dugun protesta
bakoitza infantilizatzeari uzteko. Egiten dugun gauza bakarra “pankarta aurrean egoteko aitzakiak
bilatzea” dela uzten duten aurrean zera diogu: PNV ezartzen ari den eredu sozio-ekonomiko
kapitalista neoliberalari buelta emateko mobilizatzeko, protesta egiteko eta borrokatzeko prest
gaude. 

Bide batez, bada garaia, dagokien partetik eta dagokien ardura ekiditeko, manipulatzeari, gezurrak
esateari, difamatzeari eta desitxuratzeari utz diezaioten. Izan ere, poltroneroen eta haien
jarraitzaileen eskutik panifikatutako azpikeriaz eta ankerkeriaz plazaratutako aldarriak husteko
kanpaina prestatu da. 

Aitzitik, dagokigun mezua argitasunez azaltzea galarazi zaigunez, hona hemen esateko
daukaguna. Aditzera eman duguna zera da, eredu sozioekonomiko zehatz bati – kapitalista
neoliberala – atxikitutako turistifikazioa gazteria langilearen bizi baldintzetan zeharo ondorio
kaxkarrak dituela argia dela. Kapitalaren akumulazioan (hau da, edozein kalteren gainetik
merkatuak zabaltzea dakarren eta arnasten dugun haizea bera ere merkantilizatzean) oinarritzen
den eta hau gutxiren eskuetan metatzea dakarren ereduak ezer onik ekarri liezaioke Euskal Herria
gizarte eredu justuago eta pareikideago bati gerturatzeari. 

Azken urte hauetan ezarritako lan eta ekonomia erreformei esker, gazteen gehiengoa lan merkatu
umiliagarri batean murgiltzera kondenatuta gauden bitartean azkar usteko hainbatek urrezko
aurrautzak jasotzen dabiltza. Eskerrak ematea nahiko dute oraindik ere. 

Eta, arazoaren muina norberak eraiki nahi duen herri eta gizarte ereduan kokatzen den arren,
turismoaren aferak ederki ongi islatzen du arazo hau argitasun handiz. Arrisku larri baten aurrean
gaude: gure hirietako hainbat auzotan ikusi dugun bezala, gentrifikazio prozesuak herri kategoria
bat hartuz, kanpora begira (postalezko) “irudi on bat” saltzeari lehentasuna eman zaio, herri
langilearen behar eta eskakizunak bete ordez. Baina, lehen esan dugun bezala, beharbada
ikuspuntuaren araberakoa da atentzioa nahi dugun tokian kokatzea, norberak bizi duen
problematikaren araberakoa. 

Garrantzia kendu gabe, ez genuke arreta kokatu nahi hiritartasun eztabaida batean, ea turistek
auzokideen elkarbizitza errespetatzen duten edo ez. Ez gara sartu turistari erantzukizuna
leporatzeari, baizik eta politika ekonomiko hauek garatzen dituena salatzeari. Izan ere, “garapen
ekonomiko” honek bere ondorio zuzenenak oporraldian izateaz gain, urte guztian zehar eragiten
duten prozesu espekulatibo ezberdinak eragiten ditu, etxebizitzarena agerikoa izaki. 

Horregatik, oligarkek ahotsa altxatu dute, beste behin ere haien klase interes partikularra interes
orokorra izango balitz bezala zabalduz, erradikalengatik kikildutako ustezko turista erasotuaren
defentsaren banderapean. Baina, noiz eta non gertatu da halakorik? Uda honetan pairatzen ari
den biolentzia nagusia kapitalista eta patriarkarra dira, biak ala biak estrukturalak eta gure
bizitzetan ondorio zuzenak dituztenak. 

Leporatu nahi izan zaigunaren aurka, geure izenean ari gara hitz egiten, ez beste inorenean. Ez
gara aritzen gazte guztien izenean, ezta herrialde guztiaren izenean ere. Ordea, norberak bere
kontuak egin ditzala eta ondorioztatu dezala zeinek betetzen dituen poltsikoak: gazte prekariook
ez.

Gehiago