“Hazte oir” bus transfoboaren aurrean egindako protestarengatik isunak jaso dira

Gaur, ekainaren 28a, Nazioarteko Sexu Askapenerako Eguna ospatzen den honetan, "Hazte oir" bus transfoboaren aurrean egindako protestarengatik isunak jaso direla salatu du E28J Plataforma eta LAB sindikatuak. Bestetik, atzo bertan Harrotu Iruñeko LGTBIQren gunea inauguratu zen.

2017-ko ekainak 28

Aniztasun sexualaren aldeko konpromisoa berretsi eta LGTBIQen Giza Eskubideen edozein urraketen aurrean, sexu askatasunaren aldeko lana ezinbestekoa dela aldarrikatu dute E28J Plataforma eta LAB sindikatuak. Halaber, edozein lesbo-homo-trans-bifobiaren aurrean salaketa publikoa egitea “funtsezkoa dela” uste dute, eta hor kokatzen dute “Hazte oir” bus transfoboaren aurrean Nafarroan egindako  protestak.

Ezaguna denez, pasaden martxoan aipaturiko bus transfoboa Nafarrotik pasa zen eta horren aurrean zenbait herritar eta hainbat eragile sozialen kideak kalera atera ziren, busa geldiarazi nahian. “LGTBIQen Giza Eskubideen ukazioa, probokazioa eta ideologia transfoba hedatu nahi zuen gorrotoaren busa geldiaraztea ezinbestekoa zen eta kaletik busa ez ibiltzea administrazio publikoaren eginkizuna bazen ere, zenbait herritar eta militanteek egin behar izan genuen”, gogoratu dute komunikatu baten bidez.
“Gobernu Delegazioak baimendu eta babestu egin zuen bus transfoboa eta ekimen transfoboa salatzera joan ziren hainbat militanteen kontra isunak inposatu ditu. Zehazki LAB sindikatuko hiru kideek pairatu dituzte isun ekonomikoak”, salatu dute.

“Beste behin, argi geratu da zeintzuk diren Carmen Albaren zaletasunak eta gorrotoak”, gaitzetsi dute.

Azkenik, LGTBIQen mugimenduak antolaturiko mobilizazioetan parte hartzeko deia egin dute. Gaur arratsaldeko 19etan Autobus Geltokitik E28J Plataformak deituta manifestazioa izanen da Iruñean. “Euskal Herria anitza, pertsonen arteko harreman parekideak eta diskriminaziorik gabeko jendarte baten alde gauden langile guztiei deia egin nahi diegu aniztasun sexualaren alde borrokan jarraitzeko, honen aldeko sentsibilizazioa areagotzeko eremu guztietan lanean jarraitzeko eta edozein diskriminazio mota salatzeko”.

Harrotu, Iruñeko LGTBIQ Gunea inauguratu dute

Atzo inauguratu zen Iruñeako Harrotu LGTBI Gunea. Blues Brother Brass Band taldeak girotutako festan, bertaratu ziren herritarrek lokala eta eskaintzen diren zerbitzuak ezagutzeko aukera izan zuten.

Udalaren zentro espezializatu honek xedetzat du interesa duten pertsonak eta profesional nahiz kolektiboak elkartzeko eta gogoeta egiteko lekuak sortzea, baita horiei arta, laguntza eta sentsibilizazioa ematea ere.

Neguan, astelehenetik ostiralera egonen da irekita, 09:30etik 13:30era eta 16:00etatik 20:00etara. Udan, astelehen, asteazken eta ostiraletan, 09:00etatik 17:00etara, ordutegi jarraian, eta astearte eta ostegunetan, 09:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 19:00etara. Aurrez aurreko arretaz gain, laguntza telematikoa egonen da lgtbi@pamplona.es helbide elektronikoaren bidez, eta 948226326 telefonora deitzeko aukera. Harrotu Gunean badaude areto bat eta LGTBI gaian espezializatutako hainbat liburu, agiri, ikus-entzunezko eta multimedia baliabide biltzen dituen dokumentu-funts bat. Norbanakoei eta taldeei arta sexuala eta psikosoziala emango zaie eta elkarri laguntzeko taldeak sortuko dira, eta, halakorik behar denean, beste zerbitzu batzuetara bideratzeko kudeaketa-lanak egingo dira. Gunean B mailako 3 teknikari arituko dira, bat LGTBI laguntza eta sustapenean espezializatua, eta bi sexu- eta genero-aniztasunari arta emateko zerbitzuan.

Gehiago