Lekarozen Nafarroako gobernuaren eraikin bat okupatu dute

Baztango gazte talde batek Lekarozko kanpuseko “hizkuntza murgiltze zentroa” delakoa okupatu dute etxebizitza arazoari irtenbide bat emateko eta espazioa eskaintza sozial eta kultural zabal batekin bete egin nahi dute.

2017-ko ekainak 4

“Guk paraje honetako izen zaharra berreskuratu eta Abeltegia deituko diogu, eraikin hau eraiki aitzinetik, hala baizen, monasterio zaharreko abeltegia”. Hola bataiatu dute Baztango gazte talde batek berriki okupatu duten Lekarozen Nafarroako gobernuarena den eraikina. UPNren gobernuak 2012an hizkuntz murgiltze zentroa izateko ireki behar zuen. Red Leaf  enpresak kudeatu behar zuen, baina azkenean atzera egin zuen, eta ondoren Vaughan Systems enpresak Nafarroako gobernuarekin eraikina kudeatzeko akordioa sinatu zuen, baina gero hauek ere atzera egin zuten eta geroztik itxita egon da, eta salmentan. 5,4 miloi euro eskatzera iritsi da Gobernua, baina ez dute saldu, eta orain bertze erabilpen bat ematea erabaki du gazte talde honek.

“Gazteek Baztanen etxebizitza duina eskuratzeko dugun arazoek eragin dute eremu honi gure izaera propioz arnasa emateko nahia eta konbentzimendua. Horrela, bizitza emanen diogu sos nahikeriak sekula sortzen utzi ez dion leku honi.
Gure soldata prekarioek eta diru ahalmenak alde batetik eta etxebizitzen errenta tasek bertze aldetik ez dute Baztango gazteriaren zati handi baten errealitatearekin bat egiten”, salatu dute ohar batean.

Etxebizitza eskubidea aldarrikatzeaz gain, nafarrek pairatzen duten prekarietatearen aitzinean horrelako azpiegitura duen eraikin bat hutsik egotea “lotsagarria” dela salatu nahi dute. 3000m2 egoitza da, bulego eta ikasgelekin eta 46 logela baino gehiago ditu.

Espazioa ezagutzeko asmoa duena gerturatu daitekela ere azpimarratu dute. “Ateak lotsarik gabe edekiko ditugu”, ziurtatu dute, eta ondoko hilabeteetan eskaintza sozial eta kultural zabala prestatzen ahaleginduko direla aipatu dute. “Jende guztiari gonbita luzatzen diogu hemendik, antolatuko ditugun ekimen, ikastaro eta afera guztietara”. Azken finean, eraikina nafar guztiena dela gogoratu dute: “Nafarroako Gobernuak bere garaian nafarren sosarekin egindako inbertsio astoarekin gelditu den etxe huts honi bizitza ematera etorri gara. Lekarozko Abeltegiko ateak edekiak baitira denek ordaindu dugun heinean”.

Gehiago