Errekaleor auzoarekin elkartasuna Iruñetik Ertzaintza eta Iberdrolaren erasoa salatzeko

Argindarra mozteko asmoz, Ertzaintza eta Iberdolako langile talde bat Gasteizko Errekaleor auzo okupatuan sartu ziren atzoko egunean. Tentsio uneak bizitu ziren, auzo honetako bizilagunek herri harresi bat osatu zutelako Iberdrola langileen lanak oztopatzeko. Ertzaintzaren jarrera oso bortitza izan zen eta hiru lagun atxilotu zituen. Arratsaldean Gasteizen, Donostian eta Iruñean mobilizazioak izan ziren.

2017-ko maiatzak 19

Eusko Jaurlaritzako Industria sailaren aginduz Errekaleor auzoko argindarra kendu du Iberdrolak. Ertzaintza gogor oldartu zitzaien auzokideei; bertakoek, erresistentzia baketsua erabili zuten hau saihesteko.

Goizeko 10:00ak aldera iritsi zen Ertzaintza Errekaleorrera, eta, lehenengo unetik, tentsioa egon zen auzoan. Gazteek autodefentsa hautatu zuten, eta Ertzainak laster hasi ziren auzokideei bultzaka. Segidan azaldu ziren poliziaren beste 10 furgoneta eta, haiekin batera, Iberdrolaren 6 auto, argia mozteko asmoz. Eguerdi aldean jakin denagatik, Jaurlaritzaren Industria sailetik etorri zen agindua; elektrizitatea hartzeko modua ez zela egokia, eta auzokideen segurtasuna bermatze aldera hartu zutela erabakia jakinarazi zuten.

Errekaleorreko biztanleak, berriz, argindarraren koadro nagusia babesten jarri ziren andamioekin, herri harresi modura. Berehala hasi ziren ertzainak jendea bertatik ateratzen. Oso jarrera bortitza izan zuen poliziak aldioro, eta harresian zegoen jendea tiraka eta bultzaka kaleratu zuten. Auzokoek lehen minututik eman zuten honen berri sare sozialetan, eta horregatik ere mehatxuak jaso zituzten ertzainengandik.


Goizak aurrera, tentsioa gora

Argindarraren koadroa babesten ari ziren lagunen kontra egin zutenean jarrera gero eta bortitzagoa erakutsi zuten ertzainek. Hasi orduko, lagun bat atxilotu zuten bertan. Baina babesten zegoen jendea eramandakoan obretako materiala zegoen koadroa babesten, eta barruan auzokide batzuk kateatuta.

Erresistentzian jarraitu zuten auzokideek eta andamiotik “Guk argi daukagu” pankarta zintzilikatu zuten. Momentu horretan, sartu ziren auzo barrura Iberdrolako langileak; bertaratutako prentsa eta udaleko zinegotziei, berriz, ez zieten utzi gerturatzen, eta auzoaren kanpoaldean gelditu behar izan zuten. Gasteizko suhiltzaileei ere eskatu zieten interbenitzeko, baina hauek uko egin zioten. Euren hitzetan: “Soilik larrialdi egoera bat badago sartuko gara auzora”.

Tarte honetan, poliziaz osatutako lerroa hautsi, eta, aginduari muzin eginda, auzora sartu zen bertaratutako jendea. Ordurako eguerdiko 12ak ziren, eta artean ez zuten lortu argindarraren koadrora sartu; izan ere, barruan zegoen jendea kateatuta zegoen, eta besoak lotuta. Orduan erabaki zuten elektrizitatea etxez etxe zuzenean moztea. Guztira, hiru lagun atxilotu zituzten goizean zehar eta horietatik bi, aske zeuden arratsalderako.

Tarte horretan tentsioak gori jarraitu zuen, eta kazetarien kontra ere aritu ziren.


Kazetarien kontrako erasoak

Goizeko lehen orduan Topatu agerkariko kazetari bat identifikatu zuten, eta auzotik kanporatu.

Eguerdian, berriz Hala Bediko kazetari bati oldartu zitzaizkion ertzainak, grabatzen ari zela. Kazetariari bultza egin, kolpatu eta berri emateko zerabilen telefonoa borrarekin jo eta airean bota eta hautsi zion. Momentu horretan, kazetariak prentsa karneta erakutsi eta plaka zenbakia eskatu zion. Honek, hasieran identifikatzeari uko egin zion, eta prentsa karneta kendu zion. Minutu batzuetara, kazetaria identifikatzera etorri denean, karneta itzuli zion eta bere plaka zenbakia zein zen jakinarazi zion.

Eguerdiko ordu bata aldera jakin zen argindarra kendu zietela bertan bizi ziren 150 auzokideei. Etxeetako batetik lagun bat atera zuten ibili ezinik eta beste bat anbulantzian eraman zuten.

Manifestazioa

Arratsaldeko 19.00etan, Errekaleor Bizirik proiektuari elkartasuna adierazteko milaka pertsona bildu ziren Gasteizko kaleetan Andra Mari Zuriaren plazatik irten zen manifestazioan. Gorka Urtaran alkateari mezu argi bat zuzendu zioten Errekaleorreko auzokideek, «bide judizialetik lortu ezin dutena, indarkeria erabiliz gauzatu» nahi omen zuelako. Azkenik, jasotako elkartasunagatik eskerrak eman zioten Gasteizko herriari.

Gehiago