Euskarabidea eta Nafarroako Gobernuari euskararen ofizialtasun bidean urratsak ematea eskatu dio EHEk

Vascuenceren Legea salatzeko 2016ko abenduan egindako ekimen batean isundu zituzten 3 euskaltzale Euskarabideak Iruñean dituen bulegoan sartu eta instituzio honen arduradunarekin biltzeko eskaria egin dute euskararen egoera salatzeko eta jasotako isunen berri emateko. Bihar Nafarroako Ana Ollo kontseilariarekin bilduko dira eta gaurko gaua Euskarabidean emanen dute.

2017-ko maiatzak 3

Pasa den abenduaren 14an, Vascuencearen Legearen urteurrenaren harira, EHEko 3 kide Nafarroako Parlamentuan kateatu ziren. Kateaketaren helburua Vascuencearen Legea eta bere ondorioak salatzea zen. Jakina denez, Vascuenceren Legeak Nafarroa hiru eremutan banatzearekin batera nafar herritarrak hiru kategoriatan banatuak daude, eremuaren arabera hizkuntza-eskubide ezberdinak dituztelarik. Eskubideen printzipioak eta herritarren berdintasuna guztiz urratzen duen erabakia izan zela salatu nahi izan zute ekimen horrekin.

Azken garaietan udal batzuen egoeran ukitu txiki batzuk egin dituzte, baina EHE taldearen iritziz “eremukako banaketak eta hizkuntza-eskubideen urraketa bere horretan dirau” eta ez dute pentsatzen “zirrikituak bilatzeko garaia” denik baizik eta “nafarron hizkuntza-eskubideak Nafarroa osoan aintzat hartuko dituen lege” bat egiteko garaia.

“Benetakoa izango bada aldaketak eremu guztiak blaitu behar ditu. Baita euskararen egoerari eta nafarron hizkuntza-eskubideen egoerari dagokionean ere”, adierazi dute ohar baten bidez.

Hau guztia aldarrikatzeagatik kateatu ziren EHEko 3 kideak. Orain, ekimen horregatik bakoitzari 300 euroko isuna jarri diete, osotara 900 euro. Isunak jaso izana eta aipatu aldarrikapena berresteari begira, gaurkoan EHEko 3 kideak Euskarabidean sartu dira konponbide eske. Mikel Arregi Euskarabideko ordezkariarekin bildu dira eta erantzun argirik eman ez dienez, bihar Ana Ollo kontseilariarekin bilduko dira. Gaurko gaua Euskarabidean pasatuko dute, eta konponbiderik eman ezean bertan geratuko direla iragarri dute.

“Euskarak eta euskaltzaleok ez dugu isunik behar. Euskarak neurri eragingarriak behar ditu. Ofizialtasunari ateak irekitzeko garaia da. Zonifikazioa gainditu eta euskaraz bizitzea ahalbidetuko digun lege aldaketa behar dugu. Norabide horretan euskaltzaleei antolatzeko deia luzatzen diegu, legea aldatzeko hamaika su txiki pizteko beharra dugu alderdien borondatearen zain egon gabe”, adierazi dute.

Gehiago