Nafarroako Bertsolari Txapelketaren finala, larunbata honetan Anaitasunean

Nafarroako 43. Bertsolari Txapelketa heldu da bere azkeneko geltokira. Hurrengo larunbatean, apirilaren 8an, 17:00etan hasita, txapelketako finala jokatuko da Iruñeko Anaitasunako kiroldegian. Zortzi bertsolari ariko dira oholtza gainean, txapel bakarra eskuratu nahian. Luzia Goñi 89 urteko bertsolariak jarriko du txapela.

2017-ko apirilak 3

Otsailaren 18an abiatu zen Nafarroako Bertsolari Txapelketa Tafallan, eta ordutik, zortzi plazatan gelditu da, 1.500 entzule inguru bilduz. Ipar, hego, mendebalde eta ekialde, bertsolaritza Nafarroako bazter ugaritara eramateko apustua egin du aurten Nafarroako Bertsozale Elkarteak, arrakastaz. Hori guztia ez litzateke posible bertsolaritzaren inguruan lanean ari diren gai-jartzaile, epaile, eta hamarnaka bolondresen ekarpena gabe.

Nafarroako Bertsolari Txapelketa, izan ere, urtean zehar egiten den lan isilaren fruitua da. Aurtengo parte hartzaile kopuruak, inoizko handienak, erakusten duen sasoi ona estuki lotuta dago azken urteotan Nafarroako Bertsozale Elkarteak transmisio arloan egin duen lanarekin. Hezkuntza arautuko programaren eta herriz herri eta bailaraz bailarako bertso eskolen bitartez, gazte eta helduek bertsolaritza ezagutzea lortzeaz gain, horretan aritzeko aukerak ere ematen zaizkie.

Transmisioaren bide luze horretan, asko dira isilpean lan egiten duten ezinbesteko katebegiak. Horietako bat da aurtengo txapeldunari txapela jarriko diona ere: Luzia Goñi Olias. 1928an jaio zen Aizarotzen, orain 89 urte. Ogibidez sukaldaria, bizi osoan zehar mantendu du bertsogintzarako afizio eta sorkuntza. Ehunka bertso idatzien egile da, eta atzoko eta gaurko askotariko gai eta gertakarien kronika ederrak dira haren lanak. Bere garaiko emakume gehien-gehienen antzera, ordea, plaza publikoan jarduteko aukerarik ez du izan. Luzia Goñiri egindako omenaldi txiki honek, beraz, hamarkadetan zehar bertsogintzaren alde lan isilean aritu diren emakume guztientzako aitortza ere izan nahi du. Transmisio arloan egiten den lana saritu eta ikusarazi nahian, gainera, Nafarroako gaztetxoen eta helduen bertso eskoletako kideak izango dira txapela ez den gainerako sariak emango dituztenak.

Hori guztiaren isla izango da Anaitasunako final handia. Bertsogintzaren transmisio eta sustapenean urrats berri bat emateaz gain, festa handia ere izango da datorren larunbatekoa. Nafarroan egiten den euskarazko kultur ekitaldirik esanguratsuenetako izan ohi da Bertsolari Txapelketako finala, eta hala izango da aurtengoan ere. Biharamunean, gainera, Korrika iritsiko da Iruñeko kaleetara, eta hemen eginen du azken jaia. Asteburu batez, beraz, kulturgintzaren eta euskalgintzaren hiriburu eta erdigune izango da Iruñea. Luzatua dago gonbidapena.

Zortzi bertsolari, eta txapel bakarra
Zortzi izango dira oholtza gainean txapelaren bila ariko diren bertsolariak: Julio Soto, Xabi Maia, Eneko Fernandez, Eneko Lazkoz, Aimar Karrika, Ander Fuentes ‘Itturri’, Xabier Terreros eta Julen Zelaieta. Zortzi bertsolarien artean, bakarra da final batean lehen aldiz parte hartuko duena: Xabi Maia. Gainerakoek, eskarmentu handia dute finaletan. Izan ere, hamargarren parte hartzea izango du Julen Zelaietak, zortzigarrena Julio Sotok, bosgarrena Xabier Terrerosek eta Eneko Lazkozek, eta hirugarrena Ander Fuentes ‘Itturrik’, Eneko Fernandezek eta Aimar Karrikak. Finalisten artean txapeldunak izandakoak ere badira: Julio Soto (hirutan) eta Julen Zelaieta (behin). Finalak, beraz, era guztietako ibilbideak, ertzak eta kantaerak bilduko ditu, oholtza berean.

Zortzi bertsolari hauetatik txapeldun zein izango den argitzeaz gain, udazkenean abiatuko den Bertsolari Txapelketa Nagusirako nafar ordezkariak nortzuk izango diren ere zehaztuko du finalak. Bost izango dira aurten Txapelketa Nagusian ariko diren Nafarroako bost bertsolariak, finaleko lehen bost sailkatuak hain zuzen ere.

Sarrerak salgai
Finalerako sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian eskuratu ahal izango dira, larunbat goizera arte. Ostiralera arte, gainera, Nafarroako sei salmenta puntuetan ere izango dira: Iruñeko Karrikiri dendan, Elizondoko Fantxike dendan, Lesakako Okindegian, Leitzako Maimur liburudendan, Etxarri Aranatzeko Xapatero tabernan eta Lizarrako Katxetas tabernan. Larunbatean bertan, gainera, Anaitasunako leihatiletani izango dira salgai, 11:00etatik 13:30etara, eta 15:00tatik 17:00etara.

Anaitasunako ateak 16:00etan zabalduko dira. Nafarroako Bertsozale Elkarteak, saiora denboraz gerturatzeko gomendioa egin nahi du.

Gehiago