‘Eremu ez euskalduna’ utziko duten herriei Zorionak!
Abaigar, Ameskoabarrena, Antzin, Artazu, Cabredo, Mendigorria, Murieta, Oibar, Villatuerta, Zirauki eta Zuñiga herriak laster eremu mistora igaroko dira, baldin Parlamentuan Nafarroako Gobernua babesten duten lau alderdien mozioak aurrera egiten badu.
AET Administrazioan Euskaraz Taldea
2017-ko martxoak 9
Noain-Elortzibar ere sartuko da, Udalak hala erabakitzen badu.
Logika erabiliz gero, Tafalla, Zangoza eta Uxue herriak ere sartuko dira, nahiz
eta udalen eskaera iritsi mozioa tramitatzeko bidean denean. Baliteke garaiz iristea
udal gehiagoren akordioak.
Nafarroan ezarritako zonifikazioak hirugarren aldiz jasanen du arrakala, aurretik
hiru herri sartu baitziren eremu mistora eta euskarazko hezkuntza “eremu ez-
euskaldun” deitutakora zabaldu baitzen.
Hain zuzen ere, euskarazko hezkuntza publikoa Nafarroa osoan bideragarria
izatea zen eremuz aldatzeko arrazoi nagusia. Ez zen bakarra, ordea. Eremu mistoan
herritarrei aitortzen zaie Administrazioetara euskaraz zuzentzea eta hauek behartuta
daude horri erantzuna ematera.
Horrexegatik, eremu mistoko herri handi guztiek
Euskararen Ordenantza onartuta daukate.
Horregatik, aldaketa hau ongi ikusten dugu. Euskararen Legean zonifikazioa
ezabatzearen bidean urrats bat izatea ere nahiko genuke.
Zorionak, beraz, legearen “eremu ez-euskalduna” utziko duten herriei!