Julen Zelaieta eta Xabier Maia nagusitu dira Iruritan eta Uharten jokatutako azken final laurdenetan
Honenbertzez, erabaki dira final aurrekoetan kantatuko duten 18 bertsolariak.
2017-ko martxoak 6
Iruritako Gizarte Bilgunean jokatu zen larunbatean 43. Nafarroako Bertsolari Txapelketaren laugarren final-laurdena, aretoa bete duten 150 bertsozale baino gehiagoren aitzinean. Han aritu dira kantuan Saats Karasatorre, Josu Sanjurjo, Julen Zelaieta, Ekaitz Astiz, Amaia Elizagoien eta Oskar Estanga. Karasatorrek lehen aldiz hartu du parte txapelketa batean. Fernando Anbustegi aritu da gai-jartzaile lanetan.
Saio puntugarriaren ondotik, Julen Zelaieta beratarrak eskuratu zuen puntu gehien, 306, eta horrenbestez, martxoaren 26an Agoitzen jokatuko den hirugarren finalaurrekorako sailkapen zuzena eskuratu du. Haren atzetik sailkatu dira Josu Sanjurjo, Amaia Elizagoien, Oskar Estanga, Ekaitz Astiz eta Saats Karasatorre. Bost bertsolari hauek bihar Uharten jokatuko den azken final-laurdeneko puntuazioen zain egon beharko dute hurrengo fasera sailkatzen diren jakiteko. Osotara, 18 bertsolarik egingo dute aurrera, oraingo 30etatik.
Honela geratu da saioko puntuazioa:
Julen Zelaieta, 306 puntu
Josu Sanjurjo, 289 puntu
Amaia Elizagoien, 279 puntu
Oskar Estanga, 272,5 puntu
Ekaitz Astiz, 266 puntu
Saats Karasatorre, 265,5 puntu
Martxoaren 19an Antsoainen jokatuko den finalaurrekorako zuzeneko txartela lortu zuen Xabier Maia Elizondoko bertsolaria Uharten. Behin final-laurdenak bukatuta, osatu da txapelketako finalaurrekoetan ariko diren 18 bertsolarien zerrenda. 180 bertsozale baino gehiago bildu dira Uharteko Arte Garaikideko Zentroan, azken final-laurdena jarraitzeko.
Bosgarren final laurdenean Xabi Maia nagusi
Uharteko Arte Garaikideko Zentroan jokatu da 43. Nafarroako Bertsolari Txapelketaren bosgarren eta azken final-laurdena, aretoa bete duten 180 bertsozale baino gehiagoren aurrean. Han aritu dira Sarai Robles, Irati Majuelo, Eneko Fernandez, Oskar Sanz de Acedo, Xabier Maia eta Ander Fuentes ‘Itturri’. Uharteko gaztetxoen bertso eskolako ikasleen agurrak eman dio hasiera saioari. Maider Ansa aritu da gai-jartzaile lanetan.
Saio puntugarriaren ostean, Xabier Maiak eskuratu du puntu gehien, 308,5, eta horrenbestez, martxoaren 19an Antsoainen jokatuko den hirugarren finalaurrekorako sailkapen zuzena eskuratu du. Haren atzetik sailkatu dira Eneko Fernandez, Ander Fuentes ‘Itturri’, Irati Majuelo, Sarai Robles eta Oskar Sanz de Acedo.
Honela geratu da saioko puntuazioa:
Xabier Maia, 308,5 puntu
Eneko Fernandez, 298,5 puntu
Ander Fuentes ‘Itturri’, 290,5 puntu
Irati Majuelo, 268 puntu
Sarai Robles, 266,5 puntu
Oskar Sanz de Acedo, 255,5 puntu