Nafarroako herrien euskarazko izenak ofizial izatearen alde
Nafarroako herrien euskarazko izen guztiek ofizialtasuna izatea behar- beharrezkoa da. Euskararen normalizazioa adieraziko luke horrek. Euskarazko izena ofiziala izatea euskarari eta euskaldunoi zor zaiguna da.
AET Administrazioan Euskaraz Taldea
2017-ko otsailak 16
Horrexegatik, uste dugu EH Bilduk aurkeztu eta Nafarroako Parlamentuan
eztabaidatutako mozioak aurrera egin beharko zukeela. Nafarroako Gobernuak,
Euskaltzaindiaren aholkularitzarekin, euskarazko izenak erabaki eta ofizial egitea
eskatzen zuen mozioak, gero izen horiek esparru guztietan erabiltzeko.
Ahal Duguk eta Ezkerrak horren alde bozkatu zuten. Geroa Bai-ren
abstentzioak eta UPN, PSN-PSOE eta PP-ren aurkako botoak bertan behera uztea
eragin zuten.
Euskarari buruzko 18/1986 Foru Legeak dio botere publikoek hizkuntza araua
errespetatuko dutela, eta Euskaltzaindia izanen dela erakunde aholku-emaile ofiziala
(3. artikulua). Halaber, toponimoek gaztelaniaz eta euskaraz izanen dutela izendapen
ofiziala. Eremu euskaldunean, izendapen ofiziala euskalduna izanen dela, oro har. Eta
eremu mistoan eta ez-euskaldunean, dauden euskarazko izendapenak ere erabiliko
direla. Zehazki, esaten du Nafarroako Gobernuak herrien izen ofizialak erabakiko
dituela (8. artikulua). Zergatik ez dute bete Nafarroako gobernuek Euskararen Legeak
honi buruz ezartzen duena?
Orain da unea. Ea behingoz kontu honek aurrera egiten duen!