#BF15 Bilgune Feministak Valladolideko espetxeraino eraman du elkartasun feminista
Ehundaka lagunek Bilgune Feministak bere 15. urtemuga ospatzeko Valladolideko espetxera emakumeen martxan parte hartu dute euskal preso politikoeen aurkako salbuezpenezko araudi eta sakabanaketarekin amaitzea aldarrikatuz.
2017-ko otsailak 11
Elkartasun, maitasun eta argudioz beteriko ia 300 emakume bildu ditu Bilgune Feministak gaur goizean Valladolidera joateko, “historikoa” izan den martxa honetan.
Euskal Herriko Bilgune Feministak 15 urte betetzen ditu 2017an. Urteurrena ospatzearekin batera, Euskal Herriaren burujabetza feministarantz bidean sakontzeko eta aurrerapausoak emateko aprobetxatuko dute urtea.
Hiru orduren bueltan heldu dira Valladolidera feministaz beteriko bost autobusetan. Aizan-ek 1984ko martxoaren 14an Carabancheleko espetxe atarian emakume presoekin elkartasuna adierazteko elkarretaratze jendetsua egin zuenetik, ez zen gaurko argazkia ikusten Espainiako presondegi baten harresien parean.
Bilgune Feministako kideak kamiseta magentak jaso ondoren, ekitaldia hasi da. Txalapartaren soinuak eman dio hasiera ekitaldiari. “Entzungo al da hau barrutik?” galderak blaitu ditu parte hartzaileen buru eta begiak. “Nahikari, zu hortxe zaude eta ezin zaitugu ikusi. Baina, entzungo ez bazenu ere, hemen zaude gurekin eta beste preso guztiak bezala, historikoa den egun handi honen parte zara”, adierazi dute.
Bilgune Feministako Idoia Arraiza kideak talde feministaren sorreratik lan ildo nagusietako bat gatazka politiko armatuaren konponbidean emakumeen parte hartzea sustatzeko espazioak eta moduak proposatzea eta exijitzea, eta ikuspegi feminista batetik eragitea izan dela gogoratu du.
“Euskal Herrian normalizazio prozesua bizi dugula dioskute. Baina emakumeok eta gorputz ez normatibook ez gara “bakean” bizi, emakumeon kontrako indarkeria matxista normaltzat duen bake egoera neutralizatu honetan: zeinetan, emakumeon aurkako gutxiespenak, irainak, gustukoak ez diren txisteak, kolpeak, erailketak, prekarietate eta muturreko pobrezia egoerak, etab eguneroko errealitate diren gurean”, salatu du Arraizak.
Emakume presoek bizi dituzten “zapalkuntza anitzak” salatzeko eta “espetxeen izaera patriarkala” jo puntuan jartzeko behar larria dagoela aipatu du Bilguneko kideak. “Espetxeak jendartearen ispilu dira baina zapalkuntzak are larriagoak dira espetxean”, esan du.
Horrez gain, “dispertsio politika salatzen dugu eta euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratzea exijitu” du Marina Sagastizabal preso ohi eta Bilguneko kideak eta Bilgune Feministaren izenean, Sara eta Izar, Arantza Zulueta eta Nekane Txapartegirekin elkartasuna adierazi du ondoren.
Ekhi Eizagirren txanda heldu da ondoren, bahituta duten bilgunekideak ere, eduki du beraz, lekua ekitaldian. Berak hitzak eta bildutakoek musika jarri dituzte.
Ostean etorri dira Leire Urrutia eta Olatz Carro euskal preso ohien testigantzak. “Dispertsioa, bakartzea, espetxean emakume izanagatik jasaten dugun zigor bikoitza. Horiek denak salatzera etorri gara gaurkoan” adierazi dute. Bertan izan zenean bere bizitza nolakoa zen irudikatu ahal izan dute martxan parte hartu duten emakumeek, bihotza uzkurtuta, bere hitzak entzutean: “pertsona biziez betetako hilerri horren barruan, 9×19 pausu dituen modulu-zulo batean dago Nahikari, beste berrogei emakumerekin batera pilatuta, ibiltzeko tokirik gabe, eguzki argirik gabe kasik…”
Horrez gain, Leire Urrutiak, Angela Davis, gogora ekarri du. “Jendarte justu, demokratiko eta feminista batean sinesten dugun guztiok, zigor sistemaren eskema gainditu eta ortzi-muga berrien bila” jo behar dela azpimarratu du.
Valladolideko mugimendu feministako kide den Marta Ramos eta Mariak hitz egin dute ondoren. “Zuen borroka, gure borroka da. Emakume eta preso politikoa, denok gara bat” mezuak ere ezin laburbil dezake 300 kilometroetako distantziatik datorren elkartasuna.
Gosea eta emozioaren arteko nahasketak eraginda, tripako harra mugitzen hasi zaiean hartu dute hitza Aiala Zaldibar eta Olatz Dañobeitia preso ohiek, Kalera-Kalera ekimenaren baitan hasitako aldarrikapena berresteko: “Bigarren lerroko subjektu izatetik, lehen planora pasako gara emakume preso borrokolariak”
Eta orduan pusikak aireratu dituzte emakumezko euskal preso politikoen argazkiekin, hegan, elkartasunak presoak apur bat libreago egingo dituelakoan.
Nabaria izan da bidean zehar jasan behar izan duten presentzia poliziala eta ekimenarekin aurrera egin ahal izan badute ere, ondoren, jazarriak eta identifikatuak izan dira, batez ere, Valladolideko internazionalistak.