Larunbatean Bilbon, uztailean Lakuntzan
Euskal preso politiko, iheslari eta deportatuen egoera konpontzeko garaia heldu da. Konponbidearen egunak ezin du etorkizuneko data bat izan, denak etxeratzeko unea da, txori askeen unea. Horren bidean larunbat honetan zita garrantzitsu bat dugu Bilbon.
Hatortxu Rock
2017-ko urtarrilak 13
Azken urteetan egutegian finkatuta dago urtarrileko mobilizazio erraldoi hau eta garrantzitsua da euskal herritar guztiak etxeratzeko bidean gero eta gehiago garela erakustea.
Agenda politikoen erdian kokatu behar dugu errepresaliatuen gaia. Horretarako data aproposa da larunbatekoa. Baina ezin gara hor gelditu. Euskal Herriak bizi izan duen gatazka politikoaren konponbidean pausoak eman nahi baldin baditugu, preso, iheslari eta deportatuen egoera errotik hartu eta konpondu egin behar dugu. Gure aldarriak egunerokotasunean kokatu behar ditugu, denon lanarekin herritar libreek osatutako herri aske bat lortzeko bidean.
Bakoitzak bere esparruan lana eginez inmobilismoan eroso dauden frantziar zein espainiar estatuak deseroso sentiarazi beharra ditugu. Askotan erakutsi dute ez daudela aurrera pausoak emateko asmoz, beraz gure ardura da mugitzea beste aukerarik izango ez duen gizartea sortzea.
Helburu honen inguruan batu behar ditugu gure indarrak. Konponbide bat bilatu eta hatzik mugitzen ez duten estatuen aurrean gizarteak bere gain hartu behar du konpromiso hau. Horretarako egunerokotasunean kokatu beharra daukagu gaia. Horren bidean, data garrantzitsu bat daukagu uztailaren 27tik 30era Lakuntzan. Eta larunbat honetan Bilbon elkartuko diren milaka pertsona guzti horiei dei egin nahi diegu, Hatortxu Rock 20 jaialdira batzera. Musika jaialdi bat baino askoz gehiago da. Musikaren bitartez, bai, baina euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideen aldeko mezua lau haizetara zabaldu behar dugu, Euskal Herriko mugetatik haratago. Bakoitzak bere ildoan lan eginez gero, bere eremuan pausoak emanez, denon artean denak etxeratzeko eguna gertuago edukiko dugu. Egun hori gaur izan dadin.
Larunbatean milaka izango dira Bilbon emanen ditugun pausoak, baina bidea ez da hor amaitzen. Bidea luzea da, oso luze egiten ari dira. 27 urte dispertsioa martxan jarri zutenetik. Baina helmuga gertu daukagu, helmuga gerturatu beharra daukagu.
Haiek behar ditugu gu aske izateko. Zu behar zaitugu haiek askatzeko. Horregatik dei egiten diogu euskal gizarteari larunbat honetan Bilboko kaleak elkartasunez bete ditzan eta bide berean aspaldiko elkartasun jaialdirik handiena denon artean sortze aldera, uztailaren 27tik 30era Lakuntzan orru hau zabaltzera.
Txori askeen unea heldu da! Larunbatean Bilbora, uztailean Lakuntzara. Zatoz!