#HTX20 Hatortxuren lehen konfirmazioak zabaldu dituzte

Inadaptats, Huntza, Soziedad Alkoholika, Des-Kontrol, Glaukoma, Iseo&Dodosound, Ekon, Estricalla, Kop, Bizardunak, Talco, Kaos Urbano, Tremenda Jauría, Oreka Tx, Kerobia, Lágrimas De Sangre, Kaotiko, Narco, Ehun Kilo eta Anestesia arituko dira Lakuntzan Hatortxurock 20an.

2017-ko urtarrilak 10

Euskal preso politiko, iheslari eta deportatuen eskubideen aldeko musika jaialdiak uztailaren 27tik 30era izango du bere 20. edizioa Lakuntzan, eta gaur lehen konfirmazioak iragarri dituzte.

Inadaptats, Des-Kontrol, Ekon, Bizardunak, Kerobia eta Ehun Kilo berriz igoko dira oholtzara. 12 urte dira Inadaptats eszenatokietatik jaitsi zela eta 20 Ehun Kilok Elgoibarko gaztetxean gauza bera egin zuenetik. Gainontzekoek urte gutxiago daramatzate fokuetatik kanpo, baina urteak dira zuzenean ezin izan direla ikusi. Sei talde hauek zita honetarako elkartuko dira soilik.

Bestetik, lehen aldiz izango dira HTXn Huntza, Kaos Urbano, Tremenda Jauría edo Lágrimas de Sangre. Lau estilo guztiz desberdin eta Hatortxu Rock eskaini nahi duten aniztasunaren bidean jartzen dutena. Huntza gipuzkoarrek azken hilabeteetan arrakasta haundia izan dute Euskal Herrian. Gauza bera esan daiteke Tremenda Jauriaren inguruan espainiar Estatuan. Kaos Urbano bere Oi! musikarekin ere batu egin da Hatortxu Rocken mezura, eta Lágrimas de Sangrek ere ez du uztaileko elkartasun jaialdia galdu nahi izan bere hip-hop, rock eta reggae mezuaren bitartez. Aniztasunaren bilaketa horretan ere koka daitezke estrainekoz arituko diren Iseo&Dodosound nafarrak eta Oreka TX txalaparta taldea.

Kartelaren lehen aurrerapen hau osatzeko, ordea, Hatortxu Rockeko aspaldiko ezagunak diren hainbat talde izango dira. Italiatik iritsiko da Talcoren ska eta punk musika, Andaluziatik Narcoren doinu bereizgarria. Euskal Herritik, era berean, Glaukomaren rap-reggaea, Soziedad Alkoholikaren thrash, hardcore, metal edo punk azkar eta indartsua, Estricallaren hardcorea, Kaotikoren rock bizia eta Anestesiaren metal eta hardcorea. Kartela borobiltzeko askotan Hatortxun izan den Kop hardcore punk taldea dugu.

Antolaitzaileek iragarri dute talde asko falta direla kartela osatzeko eta datozeen asteetan konfirmazio berriak emanen dituztela. 

Txori askeen unea heldu da
Euskal preso politiko, iheslari eta deportatuen egoerak hobera egiteaz urruti, kasu askotan okerrera ere egin duela esan daiteke, eta hori ez dute ahaztu nahi HTX jaialdiko antolatzaileek. “Ia 350 euskal herritar daude oraindik espainiar zein frantziar estatuetako espetxeetan dispertsatuta, honek senide eta lagunentzat suposatzen duen zigor eta bizi zein arrisku ekonomiko guztiekin. Beste ehunka herritar dira Euskal Herrira itzuli ezin direnak. Horregatik diogu 20. ediziora iristea ez dela ospatzekoa, baina egoerak honela dirauen bitartean Hatortxu Rockek lanean jarraituko duela berresten dugu. Denak etxean izan arte”.

20. edizioa zenbaki bat baino gehiago ere bada, eta jaialdiko helburuetako bat errepresaliatuen egoera agenda politikoen erdian kokatzea da. “Azken urteotan agenda askotik desagertarazi dute, eta kolpe bat eman behar dugu mahai gainean. Eta orain da une hori, “Txori askeen unea heldu da”. Bada garaia gatazka hau errotik hartu eta konponbide bat bilatzeko. Eta horretarako ezinbestekoa da errepresioa pairatzen duten herritarrak etxera itzultzea. Egun horrek ez du etorkizuneko egun bat izan behar, egun horrek gaur izan behar du. Gurekin behar ditugu gu ere aske izateko”.

Sarrerak, gaurtik aurrera 50 euroetan
Sarrerak internet bidez HTXren webgunean erosi daitezke 50 euroren truke, jaialdiak iraunen duen lau egunetarako.

Gehiago