Aroztegiako proiektuari buruz herritarrek erabakitzeko eskubidea aldarrikatu dute eskualdeko hainbat alkatek

Erabakiak Udalez Gaindiko Sektore Plana bezalakoak erabiliz hartzen badira, «tokiko entitateak soberan daude eta demokraziarik ez dago» salatu dute.

2016-ko abenduak 30

Lekarozko Aroztegiako proiektuari buruzko iritzia emateko eta batez ere egitasmoa Udalez Gaindiko Sektore Plana gisara tramitatzeko erabakia kritikatzeko eskualdeko eta Baztanek mugakide dituen hainbat udalerrietako alkate eta zinegotziek abenduaren 21ean Baztango Udaletxean. «Proiektuaren onura edo kalteetatik harago, herrien etorkizuna baldintzatuko duten proiektuei buruz herritarrek beren iritzia agertzeko eskubidea dute eta administrazio publikoak herritarren errana errespetatzeko betebeharra. Demokraziaz ari gara. Ez gehiago ezta guttiago ere», adierazi zuten.

Agerraldian eskainitako adierazpenari atxikimendua adierazi diote Josu Iratzoki Berakoa alkateak; Miguel Mari Irigoien Etxalarko alkateak; Juan Miguel Almandoz Arantzako alkatea; Juankar Unanua Igantziko alkateak; Andres Etxenike, Bertizaranako alkateak; Mikel Gastesi Esteribarko alkateak; Arantxa Martinez Ultzamako alkateak; Xanti Uterga Doneztebeko alkateak; Miren Meoki Lekarozko alkateak; Mari Jose Bereau Iturengo alkateak; Maite Urroz Donamariko alkateak eta Joseba Otondo Baztango alkateak.

Aroztegiako proiektuak orain arte gauzatutako bidearen berri eman zuten agerraldian. Honela, Palacio de Arozteguia S.L.k Baztango Lekarozko herrian 228 etxebizitzako urbanizazioa, hotela eta golfa egin nahi ditu. Aroztegiako proiektua sustatzailearen eskariz Udalez Gaindiko Sektore Plan bezala izapidetu dute. 2008an, hala egiten saiatu ziren, baina orduan, Nafarroako Gobernuak, udaletxearen aitzinean tramitatzeko erran zuen, Udal Planaren aldaketa eginez. Hala egin zuten. 2014an, Nafarroako Auzitegi Nagusiak Aroztegiako lehendabiziko proiektua gelditu zuen eta enpresa sustatzaileak, berriz ere, Udalez Gaindiko Sektore Plan bezala tramitatzeko eskaria egin zuen. Orduan, bai, aitzineko irizpidiaren kontra, Nafarroako Gobernuak hala bideratzea erabaki zuen. Horrela, agerraldian izan ziren alkateen iritziz «proiektuaren eraginpeko tokiko entitateak, Baztanek, ez du deus erratekorik, eta lekaroztarrek, guttiago».

Hala ere, 2009an, lekaroztarrek, Herriko Batzarrak deiturik, galdeketa egin eta herritarrak proiektuaren aurka agertu ziren. Modu berean, 2016ko ekainaren 5ean Baztango Batzar Nagusiak deituta herri-galdeketa egin zen eta herritarrek proiektuari ez erran zioten.

Baztan-Bidasoaldea, Ultzama eta Esteribarko alkate hauen erranetan, «proiektuaren onura edo kalteetatik harago, herrien etorkizuna baldintzatuko duten proiektuei buruz herritarrek beren iritzia agertzeko eskubidea dute eta administrazio publikoak herritarren errana errespetatzeko betebeharra. Demokraziaz ari gara. Ez gehiago ezta guttiago ere».

Gauzak horrela, herrien etorkizuna baldintzatuko duten proiektuei buruz herritarrek erabakitzeko duten eskubidea aldarrikatu zuten: «Herritarrek ez badute beren geroa baldintzatuko duten proiektuetaz erabakitzen ahal eta proiektuei buruzko iritzia saihesteko erabakiak ohiko bideetatik kanpo, Udalez Gaindiko Sektore Plan bezala hartzen badira, tokiko entitateak soberan daude eta demokraziarik ez dago».

Horregatik, Baztango Batzar Nagusiak antolatutako galdeketaren balioa aintzat hartzen dute alkate hauek eta idatzia sinatzen duten alkateek Nafarroako Gobernuari baztandarrek galdeketan errandakoa betetzeko eskatu diote.

Gehiago