#HTX19 Hatortxuren XX. edizioa Lakuntzan ospatuko da datorren uztailean
19. Hatortxurock-a ospatu da gaur Atarrabian, arrakasta haundiarekin. Preso eta iheslarien eskubideen alde ospatzen den jaialdirik haundiena. 12 talde igo dira oholtzara gaurkoan eta milaka pertsona batu dira elkartasuna eta jaia uztartuz. XX. edizioa berezia izanen da. Uztailaren 27, 28, 29 eta 30ean Lakuntzan preso eta iheslarien aldeko aldarriak beste hitzordu bat dauka.
2016-ko abenduak 17
Hatortxu Rocken 19. edizioa bukatu bezain pronto, euskal preso eta iheslarien eskubideen aldeko beste hitzordu garrantzitsu bat jarri dute jaialdiko antolatzaileek gizartearen agendan. Uztailaren 27tik 30era, Lakuntzan ospatuko da HTX20. Atzo, beste urte batez, karpa jendez lepo bete zen, giro ezin hobean.
Gogoratu behar da 2009an Hatortxu Rock 10 Lakuntzan ere ospatu zela, milaka lagun bilduz. “Orduko emaitza ona ikusita, herriaren erantzuna eskertuta eta egin genituen akatsetatik ikasita, zerbait benetan berezia eskaintzeko moduan gaude. 10. Hatortxu hura hiru eguneko izan bazen, oraingoan beste egun bat gehiago gehituko diogu. Ostegunetik hasita, iganderaino luzatuko dugu elkartasun jaialdia”, adierazi du HTX-k ohar bidez.
“Euskal preso politiko, iheslari eta deportatuen egoerak hobera egiteaz urruti, kasu askotan okerrera ere egin duela esan dezakegu. 350 euskal herritar baino gehiago daude oraindik espainiar zein frantziar estatuetako espetxeetan dispertsatuta, honek senide eta lagunentzat suposatzen duen zigor eta bizi zein arrisku ekonomiko guztiekin. Beste ehunka herritar dira Euskal Herrira itzuli ezin direnak. Horregatik diogu 20. ediziora iristea ez dela ospatzekoa, baina egoerak honela dirauen bitartean Hatortxu Rockek lanean jarraituko duela berresten dugu. Denak etxean izan arte”.
20. edizio data borobila baino gehiago ere badela ohartarazi du HTX-k. Errepresaliatuen egoera agenda politikoen erdian kokatu nahi dute “eta kolpe bat eman” mahai gainean “gatazka hau errotik hartu eta konponbide bat bilatzeko”. Eta horretarako errepresioa pairatzen duten herritarrak etxera itzultzea “ezinbestekoa” delaazpimarratu dut HTXren antolatzaileek.
Hemendik gutxira Lakuntzan HTXren 20. edizioan joko dituzten taldeen lehen konfirmazioak jakinarazi dituzte.
Sarrerak dagoeneko salgai dituzue internet bidez HTXren webgunean. Promozio moduan, hasiera honetan 35 eurotan izanen dira.