Huelvako espetxean presoek bizi duten tentsio egoera salatu dute
Tentsio uneak bizi izan ziren preso eta kartzelarien artean, eta presoek itxialdi bat egitea erabaki zuten zituzten bisita guztiak galduz. Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak (ATA) Huelvako espetxean aurkitzen diren preso politikoek sufritutako "eraso berri" hau salatu du.
2016-ko abenduak 14
Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak pasa den azaroaren 25ean Huelvako kartzelan dauden euskal preso politikoek sufritutako eraso berriaren inguruko informazioa zabaldu du.
Egun horretan, goizez patiora irtetean, euskal preso politiko bat Isolamenduko Departamentuko Buruarengana joan zen onartu zizkioten abenduko aurrez aurreko bisitaren datarekin arazo bat zeukala azaltzeko eta Isolamenduko Departamentuko Buruari eskatu zion urgentziaz Komunikazio Departamentura dei zezan, baina honek uko egin zion hori egiteari.
Ziegetara itzultzeko ordua heldu zenean, Departamentu Buruari berriz galdetu zion Zerbitzu Burua joango ote zen, eta honek ez zuela deitu esan zion. Egoera honetan, presoak jakinarazi zion Zerbitzu Burua agertu arte, galeriako preso politiko guztiak ziegetara itzultzeari uko egingo ziotela, planto pasiboa eginez.
Hamar minutu geroago kartzelari talde kopurutsua agertu zen, porrak eskuan eta jarrera oldarkorra mantentzen zutelarik, preso politikoei patioa banan- banan husten joateko agindua ematen zieten bitartean. Presoek kontatutakoaren arabera tentsio handiko uneak izan ziren eta presoak, banaka, beraien ohikoak ez ziren beste ziega batzuetara eraman zituzten, espetxe araudiaren 72. artikulua aplikatuta. Preso bakoitzari erabateko biluzketa biltzen zuen miaketa egin zioten.
Tentsio uneak ez ziren hor bukatu. Preso batzuei protokolozko amantala ez zieten eskaini guztiz biluzik geldituz, beste preso bati eskuburdinak jarri zizkioten eta beste bati mehatxu egin ziotela porra nabarmenki mugituz. Bestetik, Departamentu Buruak etengabe kolpatu zuen bere esku-ahurrarekin beste preso baten bularra bere biluzketa egiten zuten bitartean.
Kartzela horretan aurkitzen diren gainontzeko preso politikoek gertatutakoa jakitean, gizonek protesta moduan itxialdi bat egitea erabaki zuten zituzten bisita guztiak galduz eta emkumeek bisitak bertan behera utzi zituzten.
Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak, bere kezka agertu nahi izan du Huelvako kartzelan dauden euskal preso politikoek “bizi duten tentsio egoera etengabeagatik, eta Estatuaren txakurrek militante hauen borondatea garaitzen saiatzeko duten inpunitatea” salatu nahi du. “Kalean gaudenoi dagokigu haien eta gure herriaren askatasunaren alde borroka egiten jarraitzea”, gehitu du.