Alde Zaharrean euskarazko haur eskola aldarrikatzeko giza katea izanen da abenduaren 13an
Alde Zaharreko auzotar eta gorasoek, Iruñeko euskalgintzarekin, ELArekin, LABekin, STEILASekin eta SASOIA taldearekin batera, auzo honetan haur eskola euskaldun bat aldarrikatu dute eta abenduaren 13an eginen duten giza katean parte hartzeko deia luzatu dute.
2016-ko abenduak 7
Gaur emandako prentsaurrekoan Nafarroako Gobernuaren eleduna den Miguel Laparra kritikatu dute, berak gidatzen duen Departamenduak Iruñean dituen 5 haur eskoletatik bakar batek ere ez duelako euskarazko eskaintzarik egiten eta horietako bat Alde Zaharreko haur eskola da. “30 urtez ez du eskaintzarik egin euskaraz, urte luzeegietan herritarren hizkunza eskubideak urratuz. Eskaerak erregistratu ditugu urteetan zehar, sinadurak aurkeztu. Eta gure auzoan haur eskola euskaraz nahi dugula begi bistakoa da. Ikusi besterik ez dago San Frantzisko eskolako matrikulazioa 3 urtetik aurrera: %80tik gora matrikulatzen dugu haurra D ereduan. Zeren zain dago Nafarroako Gobernua?”, galdetu dute.
Laparrak azaroaren 22an auzi honen inguruan hitz egin zuen, eta euren azapenak “etsigarriak” direla azpimarratu dute. “Orain arte ez du urrats txikiena ere eman, martxotik eskaera ofizialki mahai gainean jarria badugu ere. Akordioak dioena betetzeko urratsik ez, eskubideak bermatzeko urratsik ez. Momentuz, gaia aztertzea da mahai gainean jarri duen bakarra. Ikasturte bat galdu du, bigarrena galtze bidean jarri du. Zer da aztertu beharrekoa? Eskubideen urraketa konpontzeko ekintzak behar ditugu, ez hitz “polit” gehiago”, esan du guraso talde honek.
Podemos eta I-Erekin ere oso kritiko agertu dira, Podemosek hizkuntza aferari erreferentziarik egiten ez diolako eta I-Ek gaia aztertzen jarraitzeko eskaera egin duelako, “inakziorako dei argia”. “Bi aldiz baztertuak izaten jarraitzen dugu euskaldunok: gainerako gurasoek bezalaxe oradaintzeko zaila den tasa ordaintzera behartuak eta gainera, gure haurrek Nafarroako hizkuntza propioan hezteko dugun eskubidea urratzen jarraitzen dute, gehiago jakitea oztopatzen jarraitzen dute”.
Abenduaren 13an 17:00etan, Alde Zaharreko haur eskolatik abiatuz jende katea eginen dute Parlamenturaino auzoan euskarazko haur eskola eskatzeko. Dagoeneko 107 komertziok eta tabernek bat egin dute kanpainarekin eta sinadurak biltzen ari dira. Horretarako aukera honako tokietan dute herritarrek: emanbidea.blogspot.com.es helbidean eta Auzoenean, Karrikirin, Iruñezar euskaltegian eta Campion euskaltegian.