Bakaikuarrak, erabakitzeko eskubidearen alde
Herri galdeketa eginen da Bakaikun azaroaren 27an. Asteburu osoan zehar, ekimen ezberdinak egonen dira herrian
2016-ko azaroak 22
Gure Haitzak, Bakaikuko Gure Esku Dagok, erabakitze eskubideari buruzko galdeketa antolatu du azaroaren 27rako. Hilaren 25era arte galdeketari buruzko kanpaina eginen da. Gure Esku Dagotik azaldu dutenez, egun hauetan “bakaikuarrek beren iritziak defendatzeko aukera izanen dute. Baliabide material eta humanoak jarriko ditu behar dutenei laguntzeko”.
Galdeketa azaroaren 27an izanen da, baina egun horretan herrian izanen ez direnak aurretik botoa emateko aukera izan dute. Azaroaren 19an, larunbatean, eguerdian eta arratsaldean San Joan plazan hautes-mahaia izan zen.
Batzordeak
Gure Esku Dagok guztia behar bezala prestatzeko lau batzorde sortu ditu eta horiek martxa betean ari dira lanean dagoeneko. Jakinarazi dutenez, talde irekiak dira eta nahi duten bakaikuar guztiek parte hartzeko aukera dute. Batzorde sustatzailea da herri galdeketa prozesuaren antolaketaren ardura bere esku duena. Orain arte sinadura bilketa, egutegia finkatu, galdera aukeratzeko prozesua finkatu eta beste egin ditu. Galdeketaren deialdiaren arduradun nagusia da eta baldintzak zehazten dihardu: mahaiko kideak eta bere ordezkariak izendatu, parte hartzaileen baldintzak zehaztu, epeak ezarri (boto aurreratua…), bozketaren lekua zehaztu eta horretarako beharrezko baliabideak probestu (karpak…). Hortaz aparte, galdeketa egunean begirale moduan aritzeko pertsona esanguratsuen bila dabil.
Kontrol batzordearen helburua galdeketa-prozesuaren gardentasuna, neutraltasuna eta prozesuaren objektibotasuna zaintzea da. Kontrol batzordeak bermatuko du galdeketa prozedura osoa deialdiaren eta protokoloen arabera eginen dela. Bertan herritarrez aparte, antzeko galdeketetan esperientzia duten pertsona eta abokatuek parte hartuko dute. Egitaraua batzordeak azaroaren 25 eta 27 artean hainbat ekimen antolatu ditu. Komunikazio batzordeak hedabideekin harremanak landu eta Bakaikun galdeketaren inguruko informazioa zabaltzeko.
Galdeketa asteburuko egitaraua
Azaroak 25, ostirala
Sakanako rock taldeen kontzertua.
Azaroak 26, larunbata
Kantaldia eta hainbat kultura ekimen.
Azaroak 27, domeka
Egun osorako egitaraua: dantzaldia, bazkariak, konpartsak, kalejirak, dantzariak…
Boluntarioak behar dira
Galdeketa egunean mahaian egoteko. Nahi dutenek 634 451 040 telefonora hots egin edo bakaiku@gureeskudago.eus e-posta helbidera idatzi dezakete. Antolaketako batzordeetan parte hartu nahi dutenek ere bide hori dute harremanetan jartzeko.