Murrizketa berriak Itunpeko Irakaskuntzako langileei
Itunpeko irakaskuntzako langileak ez dira administraziopeko langileak. Patronal propioa daukate, eta horrek dauka ardura nagusia bere langileekiko.
Iñigo Orella eta Txane Senar. LAB Irakaskuntza.
2016-ko azaroak 22
Argi dago lan baldintza gehienak langile eta patronalen
artean negoziatu beharko direla, eta gaur egun Estatuko lan hitzarmena baino, askoz egokiagoa
litzatekeela Nafarroako Lan Hitzarmen propioa beste erkidego batzuek edo Ikastolek duten bezala.
Baina itunpeko irakaskuntzak zerbitzu publikoa eskaintzen duen heinean, Administrazioak badauka zer
esan. Hainbat legetan eta akordiotan biltzen da nolakoa izan behar den itundutako ikastetxeak, langileak
eta Administrazioaren arteko harremana. Horregatik 2010 eta 2012an UPNk irakaskuntzako kalitatean
eta langileen lan baldintzetan murrizketak ezarri zituenean, Itunpekoan ere eragina eduki zuen. Besteak
beste, urte hauetako soldata izozteaz gain, Itunpeko Irakaskuntzako langileek soldatetan %9,2rainoko
galera pairatu zuten administraziopeko langileek bezala.
Oraingo Gobernua murrizketak leheneratzera zetorren, baina Itunpeko langileen lan baldintzak gehiago
okertzera doaz. Publikakoek ez bezala, 2016ko urtarrilean itunpeko langileek ez zuten berreskuratu
soldatetan %1 Gobernuko lau alderdiek horretarako konpromisoa hartu eta Arartekoak hola eskatu
arren. 2017ko urtarrilean gertatuko omen da, 2016koa galduta, ez irakasleez ahaztuta, etorkizuneko
balizko beste berreskurapenak bermatu gabe eta lan baldintzak okertzearen truke. LABek ez du
onartzen egoera hau.
Gobernuak diru gehiago ez inbertitzeko, saiatu zen patronalen poltsatik kentzen, baina jokaldia gaizki
atera zitzaienez gero, orain langileen lan baldintzak eta zerbitzuaren kalitatea murriztuz lortu nahi du.
Hau ez da langileria defendatzea! Administraziopeko langileei ez zitzaizkien lan baldintzak okertu soldata
berreskuratzeko, eta hola izan behar da, baina itunpeko langileak berriz ere diskriminatuak dira.
Gainera, Hezkuntza Departamentuaren jarrera lotsagarria izan da bileraz bilera bere hasierako
proposamena okertzen langileen kalterako.
LABek ez du Itunpeko Irakaskuntza defendatzen, baina bai bere langileak eta beraien eskubideak
patronal eta Nafar Gobernuaren aurrean. Kritikoak izan gara Hezkuntza Departamentuarekin, gure ustez
honek bermatu behar duelako zerbitzu publiko bat asetzeko ematen den dirua gardentasunez erabiltzen
dela, adibidez kontratazioei dagokionez. Baina Departamentuak beste aldera begiratu nahiago du eta
bien bitartean, langileak eta ikasleak kaltetuta. Gobernu eta patronalen arteko sintonia ez da batere
kaxkarra. Momentuz, Gobernu honekin, lehengoarekin bezala, Itunpeko Irakaskuntzako langileek
okerrerako bidean jarraitzen dute. Ea aldaketa heltzen zaien ere!