Txantreak kanporatu nahi duten senegaldar batekin elkartasun kanpaina jarriko du martxan

Cheikhouna izeneko gaztea 10 urte darama Estatuan bizitzen eta duela hilabete batzuk Espainiako Poliziak atxilotu zuen, bera kanporatzeko prozesua martxan jarriz. Larunbata honetan prentsaurreko bat emanen dute auzia salatzeko eta elkartasunezko ekimenak iragartzeko.

2016-ko azaroak 22

Cheikhouna Senegalgo gaztea duela 10 urte patera batean Kanariar irletara iritsi zen. Gaur egun Txantrea auzoan du bizilekua, eta koadrila baita ere. Baina lehenago CIE batean atxilotuta egon zen.

Duela gutxi poliziak kalean geldiarazi, paperak eskatu eta berak ez zituela erantzun zuenean kanporatze agintea jarri zioten. Apirilean epaiketa bat izanen du, eta prozesu honetan paperen gaia eztabaidatuko da. Bere abokatuak dioenez, auzia irabazteko aukera ederrak omen ditu, aurretik kondenarik ez duelako, Caritasen eta Gurutze Gorrian laguntzen duelako eta, batez ere, bere bizitza Nafarroan duela egiaztatu ahal delako. Hala ere, alarma guztiak piztu dira Txantrean, izan ere, Administrazioak apirila iritsi baino lehen kanporatzeko aukera duelako, Alutxeko CIE ezagunera bidali dezake eta handik Senegalera.

“Modu horretan euren herrialdetara itzuli behar izaten dutenek, euren familiengandik ez dute harrera onik jasotzen. Egoera gogor horri, lana bilatzeko aukerak ere txikiak direla gehitu behar zaio, beraz, euren buruak bakarrik topatzen dituzte eta dirurik gabe, Nafarroara itzultzeko aukerak ere txikituta”, salatu du Euskalerria Irratian Isa Egiguren kazetariak.

Larunbatean, SOS Arrazakeriarekin eta auzoko hainbat elkarterekin batera, bere lagunek euren kezkak azalduko dituzte  Arriurdiñeta plazan goizeko 11:00etan eginen duten agerraldian.

Gehiago