Korrikaren aldeko Pirritx eta Porrotxen ikuskizuna izanen da Iruñean azaroaren 30an

Gora Iruñea plataformak antolatuta, azaroaren 30ean Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizuna Tipi-Tapa Korrika! ikusteko aukera izanen da Baluarten 7€en truke.

2016-ko azaroak 15

Azaroaren 30ean asteazkenarekin Pirritx, Porrotx eta Marimototsek Tipi-Tapa Korrika ikuskizuna eskeiniko dute Iruñeko Baluarten. Korrikak 20. edizioa beteko du eta “inoiz baino ilusio gehiago eta parte hartze handiagoa” espero dute antolatzaileek. “Gure pailazoei esker aukera paregabea izanen dute gure txikitxoek korrika ezagutzen hasteko. Era didaktiko eta entretenigarri baten bidez txikiak eguneko protagonistak bilakatuko dira”, azaldu emandako prentsaurrekoan.

Baluarten izanen da aurtengo saioa estreinako aldiz, Iruñeko udalaren eta herri eragileen arteko elkarlanari esker. “Guztionak diren espazioak erabiltzen hasi eta bestelako Iruñea eraikitzen ari garenaren adierazle da oraingoan Baluarte bezalako antzeztoki batean euskara hutsean egina dagoen ikuskizuna eskaintzea”, adierazi dute.

Sarrerak 7€ balioko du eta salgai daude dagoeneko Baluarteko leihatilan eta baita Baluarteko webgunean ere  “sarrerak” atalean. Sarrera bakoitzetik 1€ Korrikari emanen zaio. Bi saio eskainiko ditugu, lehenengoa arratsaldeko 16:00etan eta hurrengoa 19:00etan.

“Egun batzuk dira sarrerak salgai jarri genituela eta salmenta oso azkar ari da egiten. Beraz ez galdu aukera eta lehenbailehen eskura itzazue sarrerak”, ohartarazi nahi izan dute antolatzaileek. “Sarrera bat erostean egiten den ekarpena izugarria da. Batetik jai herrikoi, parte hartzaile, feminista eta euskaldunen alde lanean ari den plataformari bultzada ematen zaio, bestetik Korrikari zuzenean ekarpen ekonomikoa egiten zaio eta azkenik umeek euskaraz hezten jarraitzeko eta primeran pasatzeko aukera ezin hobea dute”.

Gehiago