Iruñeko Auzitegiak AHTren 19 aurkarien kontrako isunak berretsi ditu
Osotara 8.550€ ordaindu beharko dute AHTren aurkako aktibistek ekimn bat burutzen ari zenean euren babesa emateagatik.
2016-ko azaroak 9
Iruñeko Kontentzioso-administratiboko Auzitegiak AHTren 19 aurkarien kontrako isunak berretsi ditu. 2013ko azaroan, AHTren aurka desobedientzia aldarrikatzen duen Mugitu! Mugimenduaren ekimenez, bi pertsona Iruñeko Foru Diputazioko balkoira kateatu ziren, tartalariekiko elkartasuna adieraziz eta AHT salatuz. Protestak 45 minutu inguru iraun zuen, Foruzaingoak giltzarrapoak indargabetze aldera balkoitik banderako mastak kentzeko erabili zuen denbora, alegia. Bitartean, kalean, 200 bat lagun aipaturiko protesta nola igarotzen zen ikustera bildu ziren.
Nafarroako Gobernu Delegaritzak, 450 euroko isun administratibo igorri zien 33 laguni inguruko zirkulazioa oztopatu izana leporatuz. “Polizia Nazionalaren partetik, ez zen inongo identifikaziorik burutu gertakizunen lekuan. Pertsona horiek modu interesatuan eta mendeku gosez hautatuak izan ziren ekonomikoki zigortzeko. Are gehiago, isundutako bat ez zegoen une horretan gertakarien lekuan. Honetaz gain, azpimarratu behar da ekintza egin zuten bi pertsonak absolbituak izan zirela ondoren burutu zen zigor-epaiketa batean”, gogoratu du Mugitu mugimenduak.
Helegite prozesu luzea agorturik, 33 aurkarietako 19k Kontentzioso-administratiboko Auzitegira jo zuten. Honek kasua 3 epaitegi, 3 epaile eta 3 data ezberdinetan banatu zuen. Uda honetan, lehen epaileak aurreneko 9 aurkariren helegitea aztertu ondoren ez zuen aintzat hartu. Beronek 33 aurkari identifikatu zituen polizia ajentearen egiazkotasun presuntzioan oinarritu zen kontrako erabakia hartzeko. Ikusita lehen epaiketa honek beste bien bidea markatuko duela eta horrenbestez irabazteko aukerarik ez dagoela, beste bitara ez aurkeztea erabaki dute isundutakoek eta Mugitu! Mugimenduak.
“AHTren arrazoigabekeria inoiz baino ageriago den une honetan ba dirudi aurkariak isildu nahi dituztela isunen bidez”, esan du Mugitu mugimenduak.