Nahikoa delako, urriaren 1ean Udazkenfest!

Lopidana, ostiral arrunt bateko arratsaldeko zortziak. Kotxeak iristen doaz, senide eta lagunak, motxilak, kuxinak zein paketeak aldean. Ezezagunen artean begirada konplizearen bila lehenbiziko hitzak, “Aupa… Almeriara?”, taldetxoa osatzen doa. Heldu da furgoneta, bi gidari hurbiltzen dira, irribarrea ahoan, bidaia-lagunen zerrenda begiratzen duten bitartean.

UdazkenFesteko kideak

2016-ko irailak 27

Lopidana diogunean, esan genezake Bilbo, Miarritz edo Hendaia. Era berean, Euskal Herriko hainbat txokotara luza genezake gure begirada, kotxea hartu baino lehen bidaiarako tupper edo patata tortilla goxo horiek prestatzen ari diren sukaldeetara. Almeria beharrean, Huelva, Murtzia, Paris edo Lyon izan liteke. 

Kilometrotan luzatzen den amaiera gabeko zerrenda osa genezake herrien izenekin, baita amaiera gabeko bizipen zerrenda ere. Bizipen horiek modu batean ala bestean barneratu ditu senide edo lagunak: autobuseko elkarrizketetan, gurpila zulatu eta bisitara garaiz iritsiko ote diren ez jakitean, lehenbiziko aldiz bisitan doanaren helduleku izatean, aurrez aurrekora sartzeko prestatzean, katxeoekin tematu direnean, Alcaláko funtzionarioak harrituta esaten duenean “¿Pero qué hacéis aquí también hoy, siendo jornada de reflexión?”, barruak mugitu dizkion bisita batetik irtetean, haurrak ama espetxean uztean, Huelvaraino joan eta senide-presoa kundan dagoela esatean … Sarri, ulertzen saiatzen dira aurreko astekoak zergatik ez duen balio aste honetan, baina alperrik, logika amaitzen denean hasten da Instituciones Penitenciarias. 

Bidaia horietan jaso du senideak, jaso du lagunak, tokian tokiko elkartasun komitearen berotasuna. Despeñaperroseko bihurguneetako batean erosi ditu olibak, Montparnasse inguruetan trenean usain galanta utziko duten gazta zatiak. Granadan jan ditu tapa batzuk, pulpiño bat Pontecaldelasen, olio eta tomatedun tostada eder bat Jerezeko tren geltokian, bildotsa Aranda de Dueron, probatu ditu Estrella Galicia eta Estrella Levante, egun batzuk luzatu du bere estantzia Britainian, Rennesen bisita egin ondoren. 

Honen guztiaren azpian sakabanaketa politika krudel bat. Eta ez, ez dugu nahi egoera hau ohitura bihurtzea, tokatzen zaionak pairatu beharreko zerbait izatea. Sakabanaketa erabaki politiko baten ondorio delako, senide edo laguna errepideetan hiltzea baimentzen duen erabaki politikoa. Egoera hau agintzen zein baimentzen duzuenei esan nahiko genizueke, gizalege lezioak ematen dituzuenean, gogora dezazuela errepideetan 16 senide eta lagun hil direla; ehunka izan direla istripuak; edota osasun-arazoengatik bidaia luzeak egin ezinik, urteak daramatzatela seme-alabak ikusi gabe hainbat eta hainbat aitak eta amak. Asko, sakabanaketak suposatzen duen odoluste ekonomikoaren ondorioz, urtean bitan bakarrik ikus dezaketenak anaia-arreba. Ez iezaguzue saldu istripuak trafiko istripu soilak direnik, istripu-tokia presoaren bizilekutik gertuen dagoen espetxetik 500 km-ra dagoenean. Mendeku hutsa baino ez delako. Eta ez gaude mendekuetarako. Herri honek aurrera egin dezan, sakabanaketa politikak ere eten behar du. 

Hau guztia jasan ahal izateko, sortzen joan dira bidelagun sareak, garatu ditu senide edo lagunak baliabide pertsonalak, sortu ditu herriak baliabide kolektiboak. Eta baliabide horiek garatu izanari esker izan da posible hainbeste urtez honi guztiari hain modu duinean eustea. Eta horrek ekarri du, era berean, ekimen ederrak sortzea. Ezin aipatu gabe utzi Mirentxin gidariak (aupa zuek kopon!), neurgaitza baita, irribarrea ahoan eta bolantea eskuan, nola arintzen eta goxotzen duzuen astebururoko krudelkeria hau. Guardia Zibilek Furgonetatik pistola buruan atera eta lurrean esposatuta edukita ere. 

Herri honetako gure nagusiek erakutsi digute arazoei aurre egiten, gure ametsak errealitate bihur daitezen saiatzen. Udazkenfest deitu dugun Elkartasun Egun hau antolatzeko elkartu garenok ez dugu oroitzen dispertsiorik gabeko kartzela politikarik. Batzuok gertutik bizi izan dugu, beste batzuok, ordea, osatzen jarraitzea hain beharrezkoa den herri honen kontaketatik ezagutu ditugu dispertsioaren inguruko bizipenak. Batzuek Herrera de la Manchara bidali genituen gure lehenbiziko gutunak, eta jaso genituen hango liburuak Gasteizko Gaztetxeko liburutegirako. Beste batzuk 1987an sakabanaketa politika diseinatu baino beranduago jaioak gara. 

Egun honek sakabanaketarekin amaitzeko beste ale bat nahi du izan. Hau guztia antolatu ahal izateko ederra da, askotariko lanak egiteko, norbanakoen eta herri mugimenduaren berotasuna eta babesa beste behin ere sentitzea. Aldez aurretik ere, tabernariei, antzezleei, musikariei, irrien lagunei … eskerrik asko egun honen egitaraua osatzen laguntzeagatik. Lehenago ere esan izan dugu, azken espetxearen azken ziegan azken euskal herritarra dagoen bitartean, badugula zer egin, zer konta, zer lortu. 

 Sakabanaketaren gordinkeriari amaiera emateko garaia dela uste duzuenok ondoan izan nahi zaituztegu urriaren 1ean, kontzertu bat entzuten, plazan bazkaltzen, pote bat hartzen, antzerki bat ikusten, Ziribuliorekin maniFESTAn dantzan edo txikiekin plaza berrian gozatzen. Momentu krudel asko bizi izanagatik ere, alaitasunerako eskubidea aldarrikatzen dugulako, bizipen goxoek elikatzen gaituztelako, hurbildu Gasteizera!

Gehiago