Beharrezko ikerketa burutzea eta enpresetan benetako prebentzioa gauzatzea exijitzen dute sindikatuek azken lan istripuaren aurrean

Atzo Zalain enpresan 64 urteko langile bat hil zen lanean ari zela, altueratik erorita. Sindikatuetatik babes eta elkartasuna adierazi nahi diete familia, senide eta adiskideei. Istripu berri honekin 10 dira gutxienez Nafarroan hildako langileak, 39 berriz, Euskal Herria osoan. Aste batean Nafarroan izandako hirugarren hildakoa da. CGT gaur aterako da kalera azken lan istripuak salatzeko, eta enpresako komiteak bi ordutako lanuztea eginen du bihar 13etatik 15ak arte.

2016-ko irailak 29

“Istripuak ez dira halabeharrezkoak, lan baldintza eta eredu produktiboaren ondoriozkoak dira, langileen osasunaren gainetik irabazi asmoa nagusitzen baita. Errelitate hau guztiz nabarmena da Berako Zalainen. Prebentzioa eta langileen osasunaren babesa, zuzendaritzarentzat, lehentasunen azken lekuan aurkitzen da. Langileen osasunaren alorrari dagokionean utzikeria da enpresaren jarrera deskribatzen duen hitzik zuzenena”, salatu du LABek. Ildo horretan, “beharrezko ikerketa burutzea eta enpresetan benetako prebentzioa gauzatzea” exijitu du sindikatuak.

ELA, bere aldetik, Nafarroako Lan Ikuskaritza eta Lan-Osasun Institutuari ezbeharraren arrazoiak argitu eta egon daitezkeen ardurak ebazteko ikerketa sakona eskatu dio. “ELAk garbi dauka gizarte arazo larri honen irtenbidea Nafar langileriari enplegu duin eta kalitatezkoa bermatzean dagoela, horregatik Nafar gobernuari eta ardura daukaten beste erakundeei eskatzen die helburu horretara bideratu ditzatela behingoz neurri erreal eta eraginkorrak ezarri, nahiz segurtasun eta osasunari dagozkion enpresen bete-gabetzeak kontrolatzeko beharrezko diren errekurtso guztiak”.

LAB eta ELA sindikatuetatik heriotza berri hau salatu eta datozen orduetan istripu berri honen aurrean antolatuko diren mobilizazioetan parte hartzera dei egiten dute.

CGTk gaur eginen du mobilizazioa, eta bihar lanuztea izanen da Zalainen
CGT sindikatuak ere salatu ditu azken egun hauetan izandako hiru lan istripuak eta gaur salaketa hau kalera eramanen du. Arratsaldeko 19.30etan Iruñeko Merkaderes kalean elkartuko dira lan baldintzak duinak eta prebentzio neurriak exijitzeko. Besteladetik, Zalain Transformados enpresako komiteak biharko bi orduko  geldialdia antolatu du. Arratsaldeko 13:00tatik 15:00ak arte izanen da.

Gehiago