Gaur hasiko dira SanFermin Txiki-ko jaiak

Auzogunea Hezkuntza Departamenduko aurreko orubean jarri da aurten, eta asteburu osoan zehar jarduera eta ekimen ugari izanen dira Iruñeko Alde Zaharrean.

2016-ko irailak 22

Santo Domingo aldapako Baratzeen parkean jarri dute iada aurten Auzogunea, Hezkuntza Departamentuaren pareko aparkalekuan. Karpa handia, txozna eta eszenatokia jarri dituzte, eta han izanen dira kontzertu nagusiak.

Alde Zaharreko Jai Batzordeko ordezkariek azaldu dutenez, “helburua Nabarreriako jende samalda arintzea da, azken urteotan ingurua txiki geratu da eta”. Gainera, “etxebizitzarik gabeko ingurua denez, auzokoei eragiten zaizkien eragozpenak nabarmen murriztuko dira”.

Nabarrerian, Caldererian eta San Nicolasen ere ekitaldiak eginen dituzte, baina gaueko hamabiak arte soilik. Ordutik aurrera, kontzertu eta berbena guztiak Santo Domingon eginen dituzte. “Alde Zaharrean zarata eta eragozpen ugari pairatzen dugu asteburu guztietan. Gure helburua da aisialdia eta atsedena hobeki uztartu ahal izatea”, azaldu dute.

Aurten gaurtik hasita eginen dituzte San Fermin Txiki festak, igandera arte. Jai Batzordeak 150 ekitaldi antolatu ditu. Besteak beste, Edadetuen Krosa, Irrintzi lehiaketa, 400 lagunentzako herri bazkaria, emakumezkoen pilota txapelketa, artisautza azoka eta argazki lehiaketa. Karpan 200 boluntario ariko dira lanean.


Herriko Tabernan ere egitarau oparoa
Karmen kaleko Herriko Tabernan ere gaur bertan hasiko dira ekimenak. 20.00etan Moises no duerme rap taldea ariko da, eta bihar Elektrotxufla eta dj-ak izanen dira. Larunbatean elkartasun bertso bazkaria izanen da, eta ondoren Luzianok alaituko du arratsaldea. Gauean berriz, dj-ak izanen dira taula gainean. Igandean umeendako pailazoak izanen dira, Popi eta Zaratrako, hain zuzen ere, eguerdian.

Gehiago