Migratzaileen eta errefuxiatuen eskubideen aldeko manifestazioa izanen da astelehenean Iruñean
Iruñea Harrera Hiria ekimen herritarrak antolatu duen manifestazioa arratsaldeko 19etan abiatuko da Iruñeko Merindade plazatik. Uztailaren 15an Greziara joateko elkartasun karabana antolatu dute. Helburua, bertan aurkitzen diren milaka eta milaka pertsonei elkartasuna adieraztea da eta Europako migrazio politikak salatzea. Izena emateko epea zabaldu da.
2016-ko ekainak 17
Europako Batasuneko mugetan milioika pertsona blokeatuta eta oso egoera larrian daudela salatzeko asmoarekin, ekimen ezberdinak antolatzen ibili da Iruñea Harrera Hiria, eta Greziara joanen den karabana horietako nagusia izanen da, baina astelehen honetan motorrak berotzeko aukera ere izanen da deitu duten manifestazioarekin. “Genozidio bihurtu den giza hondamendi hau geldiarazi behar dugu eta horretarako exijitu egiten dugu giza eskubideen araberako neurriak eta lege aldaketak ezartzea”, eskatu du Iruñea Harrera Hiria-k.
Gaur egun, Europako Batasunak ez die irtenbide humanitariorik eskaintzen bidean ari diren pertsonei, Iruñea Harrera Hiriaren arabera. “Horren ordez, oztopo eta traba asko jartzen dizkie: legeak, poliziak eta militarrak. Gainera, ekintzaileen, boluntarioen eta elkarte humanitarioen lana zaildu eta kriminalizatzen du”, salatu dute.
Mugak kontrolatzeko eta ixteko gastua nabarmen handitu da eta ez dira pasabide humanitarioak ireki Europara sartu nahi duten pertsona guztiek berme guztiekin egin ahal izan dezaten. “Europako Batasunak eta migrazio politikek hauxe lortu dute bakarrik: gaurkoz, Mediterraneo itsasoan hildakoak dira betiko birkokatu diren bakarrak. Bertan hil diren pertsonen kopurua handiagoa da estatuek migratzaileak birkokatzeko onartu dituzten “kuota” eskasak baino”, azpimarratu dute.
Europako Batasunak Turkiarekin eta Marokorekin lotu dituen akordio ekonomikoek herrialde horiek “lan zikina” egin dezaten “ez dituzte giza eskubideak errespetatzen”, Iruñea Harrera Hiriaren salaketaren arabera. “Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalean dauden joan eta etorri aske ibiltzeko eskubidea eta babesa bilatu eta izateko eskubidea etengabe murrizten ari dira”.
Iruñea Harrera Hiria-k honako aldarrikapenak egin ditu: Europako Batasuneko mugak lehenbailehen irekitzea, herrialde bakoitzak migratzaileak aterpetzeko hartu dituen konpromiso urriak betetzea eta hirugarren herrialde batzuekin, Maroko eta Turkiarekin, adibidez, egin berri dituen “itun lotsagarriak” bertan behera uztea. Azkenik, Atzerritartasun legeak bertan behera uztea exijitzen dute, “xenofoboak eta arrazistak direlako”.