Iruñea: Egia, justizia eta ordaina
Egia, justizia eta ordainaren galdatzea bete gabe dagoen bitartean, 1936ko estatu kolpe erailearen salaketak lehen mailako eginbeharra izaten segitzen du. Historiaren liburuan erauzitako orriak eta desitxuratutako egia berriro sartzea gaurkotasun osoa duen galdatzea da.
2016-ko ekainak 14
Atentatu basati hark erail eta desagertze arrastoaz gain (bakarrik
Nafarroan 3.200 baino gehiago), egunez egun, arekaz areka, ezpondaz
ezponda berriz osatzen ari garena, hamarkadetan giza eskubide eta askatasun
mota guztiak ukatu zituen diktaduraren hastapena ere ekarri zuen, haren aurka
egin zuen oposizio zantzu oro erreprimitu zuena.
Frankismoaren hamaika mila presoren lan esklaboaz ari gara; erbesteko
bideari ekiteko dena utzi behar izan zuen jende andanaz; atxilotu, torturatu eta
preso sartutako milaka lagunez; inolako eskubide sindikalik gabeko
erregimenean zapalkuntza basatiaren mendeko langileriaz; Espainia “bata,
handia eta libre” haren eraikuntza helburu, suntsitutako herri, kultura eta
hizkuntzez; populazioaren erdiaz, hots, emakumeez, zein erregimen misogino
hark emazte, ama eta etxeko andre izatera baztertu eta kondenatu baitzituen.
Artikulu hau sinatzen dugunok hamarkada haietan lan egin eta bizitza
politiko, sozial eta kulturalaren zenbait eremutan konpromisoa hartu genuen
gure herriarendako askatasun, demokrazia eta justizia sozialeko esparrua
konkistatzeko. Hori dela kausa, isunak, atxiloketak, tratu txar eta torturak,
erbesteratzea, espetxea …. pairatu genituen eta askatasun mota oro (elkartzea,
adierazpena, sindikatzea, prentsa …) eta giza eskubide oinarrizkoenak
(integritate fisikoa, berdintasuna legearen aurrean, berezko hizkuntza eta
kultura, parte-hartze politikoa ….) ukatzen zizkigun Erregimenaren itolarria jasan
genuen. Hala izanik ere, orduko erantzuleetako inork (ministroak, gobernari
zibilak, agintari polizial eta judizialak) ez du inoiz eta inola erantzun zapalkuntza
eta esplotazioko Erregimen hura sostengatu izanagatik.
Joan den azaroan, Iruñeko Udalak erabaki zuen kereila bat jartzea
Diktadurak gizateriaren kontra gauzatutako erailketengatik, bai eta informazio
eta salaketak biltzeko prozesua abiatzea ere. Ondoren, beste udal batzuek ere
(Zaragoza, Tarragona, Gasteiz, Cadiz, Rivas) hartu dute erabakia. Horrek eta
memoriaren aldeko mugimenduak egindako presioak ateak ireki dituzte egia,
justizia eta ordainaren galdatzeak aurki errealitate bihur daitezen.
Iruñean, gizarte eragile garrantzizkoak ari zaizkio atxikitzen ekimenari.
Garai haietako ehun sindikalistak eman diote sostengua udal erabakiari eta
haien testigantzak ari dira ematen bizi izandako askatasun sindikalik ezari eta
hortik etorri ziren ondorioei dagokienez: kaleratzeak, zerrenda beltzak, isunak,
espetxea… Frenos Iruña, Torfinasa, Potasas, Motor Ibérica, etabarren gatazkek
ere egia, justizia eta ordaina galdatzen dituzte.
Orobat, Iruñeko Peñen Federazioak kereilari sostengua ematea erabaki
du. Erabaki horretan “La Veleta” Peñako mutilak gogorarazten dituzte, 36ko
kolpearen karira haien uste errepublikar, sozialista, abertzale, komunista,
anarkistengatik erailak izan ziren haiek; horretaz gainera, peñen
funtzionamenduan polizia eta gobernuarengandik jasandako zaintza eta
behartzea, haien elkarteetan nozitutako isunak, atxiloketak, erbesteratzea,
espetxea… oroitarazi dituzte.
Azkenik, azpimarratu behar da egia, justizia eta ordaina galdatzea ez
dagoela iraganari lotuta bakarrik. Gaur egun askatasun gaietan (Zigor Kodea,
Mozalaren Legea…) eta eremu sindikalean (isunak, prozesamenduak,
kondenak eta espetxea gatazka eta grebetan parte hartzeagatik) gertatzen ari
diren murrizketek gogora ekartzen dizkigute, neurri handi batean, orduan jasan
genuen errepresioa. Halaber, Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak
Estatu espainiarrari Auzitegi Nazionalaren aurrean egindako torturengatiko
salaketak ez ikertzeagatik ezarri dion zortzigarren kondena erlazionaturik dago
orduan ezagutu genuen zigorgabetasun polizialarekin. Horregatik, egia, justizia
eta ordainaren konkistak balio du eskubide eta askatasunen arloan bizi ditugun
atzera egite horiei hobeki aurre egiteko.
Hori kontuan harturik, guk, Diktadura haren kontrako borrokan eta gure
herriarendako askatasun, demokrazia eta justizia sozialaren aldeko borrokan
konpromisoa hartu genuenok, ahalegin kolektibo, instituzional eta sozial
honetan ezinbestean parte hartzen dugu eta sostengatzen, bai eta kereilan
parte hartzera deitzen ere, urte haietan askatasun falta, errepresioa eta giza
eskubideen bortxaketa mota oro jasan zituzten pertsona guztiak.