Errigoraren kontserba-loteak eskatzeko epea maiatzaren 12tik 24ra

Errigora ekimenean parte hartzen duten Nafarroa hegoaldeko 15 ekoizleak haien webguneak euskaratzen ari dira.

2016-ko maiatzak 12

Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura-ren atarian, Errigoran parte hartzen duten ekoizleek euskararekiko hartutako konpromiso berriak aurkeztu dituzte gaur Iruñean. Nafarroa hegoaldeko ekoizleen ordezkariez gain, Ikastolen Elkartea, AEK eta Sornetzeko ordezkariak izan dira bertan, kanpainari sostengua emanez.

Ekoizleen izenean Ékolo etxeko Veronica Etxeberriak adierazi duen bezala “Produktuak euskaraz etiketatzeko emandako lehen urratsaren ostean, gaur web guneak euskaratzeko pausua eman dugu, eta bihar pausu berriak emateko moduan izango gara.” 15 dira Errigoran parte hartzen duten ekoizleak, denak helburu berarekin: “Abiltasetik Oibarrera, Lodosatik San Isidro del Pinarrera. Nekazariak gara, kontserbagileak, edo olio ekoizleak, baita ardogileak ere. Eta, jatorri eta langintza anitzak izanagatik, gure produktuak beste era batera merkaturatzeko bildu gara. Lankideak garelako elkartu gara; ez lehiakideak. Taldean indartsuago garelako eta elkar ezagutza eta laguntzarako espazioak sor ditzakegulako. Bertoko eta kalitatezko produktuak bidezko prezioan eskaini nahi ditugulako, produktua erdigunean kokatuko duen bestelako bitartekaritza baten eskutik. Zirkuitu laburreko merkaturatze eredu batek gure inguru hurbilari on egingo diola sinetsita gaudelako egin dugu bat. Ingurumena babesten lagunduko digulako eta ondokoen arteko harremanak indartuko dituelako. Elikadura burujabetzaren bidean aurrera egiten lagunduko digulako.”

Ikastolen Federazioaren izenean Koldo Tellituk hartu du hitza: “Nafarroa hegoaldean euskararen egoera larria da gaur egun ere, gorputz juridiko egokirik izan gabe jarraitzen du, ez dago plangintzarik euskararen aldeko ekimen herritarrek garapen esanguratsua izan dezaten eta azken aurrekontuek ere ez dute zonalde horretan euskararen aldeko salto bat suposatu. Beraz, Nafarroa hegoaldean euskarak oraindik ere aurrera egiteko Euskal Herri osoaren elkartasunaren beharra du. Errigoraren udazkeneko kanpainan ekarpen ekonomikoa Nafarroa hegoaldeko euskalgintzara zuzentzen da eta hau oso laguntza preziatua da behar ekonomiko asko eta askori aurre egin ahal izateko, baina, horretaz gain, inguru horretan euskararen aldeko lanean ari direnek Euskal Herri osoaren elkartasuna eta babesa sentitu dezaten ere garrantzitsua da.”

Maiatzaren 12tik 24ra kontserba-loteak eskatzeko aukera eskainiko dugu

Martxoan Errigorak 5.000 etxetara 75.000 litro olio eraman zituen. Orain kontserba-loteak dira eskaintzen direnak. Maiatzaren 12tik 24ra Nafarroa hegoaldeko uzta eskutik eskura kanpainaren bigarren atala eginen da. 65 bat herritan garatuko den kanpaina da hau. Eskaerak herriotan zein internet bidez egin ahal izanen dira, errigora.eus webgunearen bidez. Urte guztirako beste kontserba-lote eskatzeko proposamena da, ekoizlearen jatorrizko prezioan eta euskaraz etiketatuta.

Zazpi lote izanen dira aukeran: zainzuriak, potxak, orburuak, barazki-menestra, pikillo piperrak, kremak eta tomate frijitua. Produktuak jarriko dituzten ekoizleak ere zazpi izanen dira, aurreko edizioetan baino lau gehiago: Amanaque –Andosilla–, La Churta –Allo–, Ebron –San Adrian–, El Escolar –San Adrian–, Iturri –Arroitz–, Maria Jesus – Ablitas– eta Pedro Luis –Lodosa.

Gehiago