Bi gazte atxilotu ditu Foruzaingoak Nafarroako Unibertsitate Publikoan, haserrea piztuz
Hezkuntza sisteman eman diren erreformen aurka mobilizazioekin jarraitzen dute NUPen, eta gaur goizean manifestaldia burutu dute kanpusean. Foruzaingoa gazteen aurka oldartu da, kargak izan dira eta gutxienez bi gazte atxilotu egin dituzte.
2016-ko apirilak 28
Bi gazte atxilotu ditu Foruzaingoak Nafarroako Unibertsite Publikoan. Hezkuntzan planteatzen diren erreformen aurka mobilizazio ugari eraman ditu aurrera azken asteetan Ikasle Abertzaleak taldeak, eta gaurko manifestaldian, gutxienez, bi pertsona atxilotu dituzte.
08:45ak aldera Foruzaingoak mobilizazioaren aurka kargatu egin du, eta bi gazte atxilotu eta beste bat, gutxienez, identifikatu dute. Ikasle Abertzaleak gogor salatu ditu atxiloketa hauek eta polizia eta errektorearen jarduera. “Argi ikusi dugu gaurkoan, modu autoritarioan jokatzeko hautua duela unibertsitatean, ikasleon parte hartzea ekidinez, eta edozein kexaren aurrean errepresioa hartuz irtenbide gisa”, esan du IA-k.
Ikasle Abertzaleak, Eraldatuk eta beste ikasle elkarte batzuek osatzen duten Unibertsitateko Asanbladak gertakariak salatu dituzte. “Errektoretza taldearen aldebakarreko erabakia erabat kondenatzen dugu, ikasleriaren eskaerak entzutera ukatuz eta Foruzaingoari esku hartzeko baimena emanez, aurretik jakinda gertatuko zena, horrela erabateko arduradun bilakatuz. Hortaz, erantzukizunak exijitzen ditugu, baita komunitate unibertsitarioak eta nafar gizarteak, haien elkartasuna erakuts dezaten gure egoerarekin eta gertatutakoaren aurrean desadostasuna eta kondena ere”.