Gora Iruñeak aurtengo Sanferminetan Jai Gune txikiak muntatzeko proposamena luzatu du

Prozesu parte hartzaile bat eraman du aurrera Iruñeko 34 eragileekin batera Sanferminak parekideak, euskaldunak, ekologikoak, parte hartzaileak, anitzak eta kulturalak izan daitezen. Iruñeko Udalarekin egindako elkarlana goraipatu dute eta gaur burutuko den Sanferminetako mahai berezian plaza ezberdinetan Jai Gune txikiak muntatzeko proposamena aurkeztuko dute.

2016-ko apirilak 12

Gora Iruñea!k eta Iruñeko bestelako eragileekin batera,  azaroan abiatu zuen jai eredua eraldatzeko prozesuaren lehenengo emaitzak aurkeztu ditu. Herri mugimenduko 34 eragilek parte hartu zuten azaroaren 7ko jardunaldietan eta bertan ateratako bi ondorio nagusiak publiko egin dituzte.

Alde batetik, jai ereduan bultzatzen dituzten baloreen gaineko hausnarketa eta proposamena osatu dute. Sanferminak parekideak, euskaldunak, ekologikoak, parte hartzaileak, anitzak eta kulturalak izan daitezen proposamen zehatzak prestatu dituzte.
Beste aldetik, herri mugimenduak protagonismoa berreskuratu behar zuela ondorioztatu zen. Sanferminetan herri eragileek gune batzuk kudeatu behar zutela, alegia. Agindu horrekin hainbat izan dira orain arte eginiko bilerak, herri mugimenduarekin alde batetik eta Udalarekin bestetik.

Herri mugimenduak Sanferminetan hiriari egin behar dion ekarpena nolakoa izan behar duen adosten ari dira eta horretarako Udalarekin elkarlanean ere aritu dira. “Ahalegin ikaragarria egiten ari dira gune hau ahalik eta anitzena eta zabalena izaten. Jakin baitakigu Iruñea guztiona dela eta zenbat eta anitzago izan gunea, zenbat eta aberasgarriagoa izanen delako guztiontzat”, dio Gora Iruñeak.”Lan egin nahi duenak ateak parez-pare ditu zabalik”, azpimarratu dute.

Gaurko deituta dagoen Sanferminetako mahai berezian, programazioan alegia, plaza ezberdinak kudeatzeko herri mugimenduak egin hausnarketa plazaratuko dute, aurtengo Sanferminetan Jai Gune txikiak muntatzeko.

Gehiago