Gehiengo sindikalaren lehenengo kontzentrazioa Napartheid linguistikoaren kontra
Gaur otsailak 8 astelehena “LEP IRUZURRA, ALDAKETARI BAI” lelopean lehen kontzentrazio eguna egin dute LAB, Steilas eta ELA sindikatuek deituta.
2016-ko otsailak 8
Nafarroako irakaskuntzako gehiengo sindikala LEParen aurka izanda ere, Geroa Bairen Gobernuak proposamenarekin aurrera jarraitzeko erabakia hanka sartze bat dela salatu dute gaur. Erabakia salatzeko eta aldaketa bidean gaur, bihar eta etzi “LEP iruzurra, aldaketari bai” lelopean mobilizatuko dira Iruñean.
Sindikatuek salatu dute “alderdi politiko batzuen presioari” erantzuten diola Nafarroako Gobernuak aurkeztuko duen lan eskaintza publikoa. LEP iruzurra. Aldaketari bai lelopean egin dute mobilizazioa, ELA, LAB eta Steilas sindikatuek deituta, eta protestarekin bat egin du EH Bilduk, Nafarroako Gobernuak alda dezan asteazkenean onartzekoa den lan eskaintza publikoa.
Hezkuntzako lan eskaintza ahalbidetu zuen dekretuaren aurkako helegitea urriaren 29tik iragarri zuen Espainiako Gobernuak, baina orain deialdia eteteko ere eskatu du. Helegitearekin, Estatuaren abokatuak hezkuntzan 134 postu jarri ditu kolokan —120 Haur eta Lehen Hezkuntzako euskarazkoak—. Oposizioetara aurkeztuko diren hautagaiei segurtasun juridikoa emateko asmoz, kolokan egon daitezkeen postu horiek atzeratzea proposatu du foru gobernuak, eta, hartara, 200 postu aterako lirateke hurrengo ikasturterako: 108 euskaraz eta 92 gazteleraz.
Eztabaida sortu du horrek, eta kexu agertu dira protestara deitu duten sindikatuak, EH Bildu eta Kontseilua, besteak beste. Koalizio subiranistak kritikatu du, batetik, Espainiako Gobernuak ez dituela Nafarroako instituzioen erabakiak onartzen eta, bestetik, ohartarazi Nafarroako Gobernuak hurrengo deialdietan bermatu egin behar dituela “LEPetik kendu dituen euskarazko plaza guztiak”.