Doneztebeko Aparango langileek 77 egun bete dituzte greban

Lantokiko etorkizuna argitzea eskatzen dute lau hilabete eta erdiko soldata kobratu gabe segitzen duten 38 langileek

2016-ko urtarrilak 27

Azaroaren 12an Donezteben dagoen Aparan lantokiko langileek greba mugagabeari ekin zioten, enpresak beraien etorkizuna argitzea, oraindik kobratzeko dituzten lau hilabete eta erdiko soldatak ordain ditzala eta prozedimendu konkurtsala aurkezteko bidea has dezala eskatuz. Lantokiak bideragarritasuna eta etorkizuna baduela uste dute gaur egun dituen 38 langileek.

Izan ere, konkurtsoa deklaratzen den unean, langileek eskumena dute kontratuen amaiera eskatu eta gutxienez langabezia kobratu eta zor dizkietan soldatetatik zerbait jasotzeko, Fogasaren bidez. Konkurtsoa deklaratzeko gutti falta dela uste dute langileek.
77 egun bete dituzte greban Aparanen. Langileen Batzordeko hiru ordezkariak dituen ELA sindikatuak igorritako idatziak dioenez, zuzendaritzatik zenbait proposamen jaso dituzte, «baina betetzeko eta etorkizunera begirako baldintzak, inongo segurtasunik gabekoak».

Langileek diote zuzendaritzak bi bideragarritasun plan eginak dituela, «bat ez zen bazkide baten gustokoa eta bertzea, aldiz, egina bai baina ordaindu gabekoa, beraz, langileok ezer jakin gabe segitzen dugu». Bi hilabete eta erdi hauetan, zuzendaritza eta langileen arteko liskarrak baretze aldera, bi pertsonek izandako partehartzea ere aipatu dute langileek. Lehenengoak, kooperatiba mailako gerentziak izan zituen herritar erretiratu batek lehentasunekotzak jo zuen lanean hastea eta behin lanean hasita, eguneroko gestioa aurrera eramateko ideia batuk agertu zituen.

Langileen ustez, aldiz, «lehentasuna soldatei eman behar zitzaion eta soldatik gabe zaila zela beste ezer aurrera eramatea. Gogorarazi genion zenbat urtetan egon garen enpresaren gestio ekonomiko txarra pairatzen eta esfortzu izugarriak egiten (%10 soldata jeitsiera, egunero ordubete gehiagoko lana, opor egun gutxiago izatea…..) eta bazela ordua Aparango zuzendaritzak pauso zehatzak emateko». Bitarte horretan, bigarrengo pertsona bat ere agertu zen. Nafarroako Gobernuarekin lotura zuela eta bere eskuetan zegoen guztia eginen zuela adierazi zuen eta langileek bilera eguna jarria dute Nafarroako Gobernuarekin, beraien ikuspuntua azaltzeko.

77 egun greban egon ondoren, Aparango zuzendaritzaren utzikeria ere salatu nahi dute langileek. «Gauza bategatik edo besteagatik, langileak hutsaren hurrengoa bezala eduki gaituztelako. Ez dute deus egin irtenbide on bat bilatzeko, beraien zilborra bakarrik ikusi dutelako, langileok emandako alternatibei muzin egin dielako (gutxienez 2015ko ekainetik gaur arte), gezurra gezurraren gainetik ibili izan dutelako beti, norberak izan dezakeen erresponsabilitatea ez dutelako onartu, mehatxuak eta prepotentzia izan dutelako ardatz egunerokoan, eta abar luze bat», dio ELA sindikatuaren idatziak.

Gehiago