Sozialismoa eta autodeterminazioaren alde Durangoko kaleak hartzeko deia egin du EHKSk
Euskal Herriko Kontseilu Sozialistatik (EHKS) mobilizazioa egingo du abenduaren 5ean, Durangon, 'Euskal langileriak, sozialismoa eta autodeterminazioa' lelopean.
2026-ko azaroak 23
“Euskal langileriak sozialismoa eta autodeterminazioa” lelopean Durangon (Bizkaia) mobilizatuko da Euskal Herriko Kontseilu Sozialista (EHKS) abenduaren 5ean. Euskal langileriaren borondate nazionalak “ukatua izaten” jarraitzen duela adierazi dute: “Frantziak, Espainiak eta egitura kapitalistek estatu propio bat eraikitzeko eta hainbat espresio nazionaletarako aukerak erreprimitzen dituzte, eta euskara bigarren mailako hizkuntza da lurralde osoan. Horren guztiaren aurrean, sozialismoaren eta autodeterminazioaren aldeko aldarria egin nahi dugu”.
Mobilizazioa 17:00etan abiatuko da Landako gunetik, eta, aurretik, gaur egungo testuingurua nola ulertzen duten azaltzeko hitzaldia egingo dute San Antonio ikastetxean, 11:00etan.
“Estatu kapitalistek ez daukate asmorik oinarrizko eskubide demokratiko hau baimentzeko. Bitartean, Euskal Herriko alderdi nazionalista nagusiek, EAJk eta EH Bilduk uko egin diote autodeterminazioari, eta estatu egituretara azpiratutako estatus nazional bat aldarrikatzen dute”, iritzi dute.
Euskara, kinka larrian
Nazio ukapenaren barruan kokatu dute euskararen egoera, eta kezkatuta egin dute hitz: “Larria da euskararen egoera. Ez du aitortza ofizialik Euskal Herriko hainbat eremutan, eta praktikan bigarren mailako hizkuntza da”. Horren adibidetzat jo dute “kaleko erabilera beherantz joatea”, eta erasoaldia ere salatu dute: “Euskara erasoaldi instituzional, mediatiko eta judiziala pairatzen ari da. Horren aurrean, euskararen eskubideak defendatu behar ditugu. Gure alea jartzen ari gara, eta hala segi behar dugu, euskara sozialismoaren eramaile izan dadin, eta haren erabilera espazio guztietara zabal dadin”.
EHKSren iritziz “eskutik emanda” joan behar dute autodeterminazioak, jendarte aske baten eraikuntzak eta internazionalismoa: “Potentzia inperialistek agintzen duten testuinguru honetan, nazioartean bestelako indar-harreman bat egituratu behar dugu autodeterminazioa posible izan dadin. Ikuspegi internazionalista txertatu behar diogu autodeterminazioaren aldeko borrokari, ezinbestean”.
