ELA: “Erreforma fiskal honekin ezinezkoa da murrizketei buelta ematea”

Nafarroako Parlamentuak pasa den astean onartu zuen 2016rako 44 milioi euro gehiago biltzea aurreikusten duen erreforma fiskala. ELAren iritziz, erreforma hau "eskasa da inondik inora, izan ere diru-bilketan %1,5eko igoera besterik ez du suposatuko, azken urteetan erreforma fiskal ezberdinek eragindako murrizketak konpensatzeko adina ere ez".

2015-ko abenduak 28

“Tamalgarria da” ELArentzat horrelako aukera galdu izana, “eta aldaketa soziala emateko beharrezkoa den diru-bilketaren hazkundea izango ez duen sistema fiskal injustu bat mantentzea”. Gogora ekarri dute Europar Batasuneko bataz-besteko presio fiskala berdintzeko Nafarroan 1.800 milioi euro gehiago bildu beharko liratekela, hau da, hau bezalako 40 erreforma baino gehiago beharko lirateke europako bataz-bestekora iristeko.

ELAren iritziz, “erreforma honek errenta altuei, enpresei eta kapitalari pribilegioak bere horretan mantentzen dizkie. Zentzu horretan justifikaziorik gabea da Nafarroako Gobernuak Opusen presioari men egin izana. Izan ere, kongregazio horretako langileek, 60.000 eurotik behera irabazten badute, ez dute euren irabazien %10 baino gehiago ordainduko euren seme-alaben matrikulak direla eta, beste edozein herritarrek ez bezala”.

ELAk aldaketa sozialaren alde egiten jarraitzen du, eta ezinbestekoa jotzen du horretarako politika fiskalen eta aurrekontu politiken aldaketa. “Beharrezkoa da zerga-politikaren eta aurrekontu politikaren justizian aurrera pausoak ematea, eta pertsona eta mugimendu sozial guztiak zentzu horretan indar egiten jarraitzeko lanean jarraituko dugu”.

Gehiago