Teknikarien greba bertan behera patronalak negoziatzeko erakutsi duen konpromiso hartu eta gero

LAB sindikatuarekin batera azaroaren 26 eta 27an deitutako grebak bertan behera uztea erabaki dute ikuskizunetako teknikariek. Iragarri dutenez, AESTAN patronalak negoziaketarekiko konpromisoa hartu eta hitzarmena sinatzeko prestutasuna adierazi du.

2026-ko azaroak 18

Nafarroako ikuskizunetako langileen hitzarmenaren negoziazio mahaia atzo bildu zen, azaroak 17, bilera zein aurrerapausorik gabe hamaika hilabeteen ondoren. LABek positiboki baloratzen du sektoreko lau enpresa handienak bertaratu izana, greba deialdien ondorio zuzena dela argudiatuz: “greba aurreabisurik gabe, ez ginateke egoera honetan egongo”, iritzi dute LABeko ordezkariek.

Bileran zehar, patronalak LABen azkeneko proposamena aztertzeko eta erantzuna emateko konpromisoa hartu zuen. Era berean, hitzarmena sinatzeko prestutasuna adierazi ostean, argi utzi zuen “hemen ez dagoela inor denbora galtzeko prest”. Bide horretan, aste honetan kontra proposamen bat bidaliko dutela baieztatu dute, LABek azaroaren 23ko negoziazio mahaian erantzun bat eman dezan. Gainera, hurrengo 5 bilera datak zehaztu ziren.

Konpromiso hauek ikusita eta negoziaketarekiko erantzukizun ekintza gisa, LABek azaroaren 26 eta 27rako aurreikusita zituen grebak bertan behera uztea erabaki du. Sindikatuak helburuak bete direla ulertzen du: “hamaika hilabete geroago, patronala eserarazi dugu eta gure proposamenaren baitako edukiak aurkeztuko dituela aipatu du”.

Hala ere, LABek argi adierazi du grebak bertan behera utzi izanak ez duela esan nahi hau amaitu denik: “lan baldintzak arautuko dituen hitzarmena behar dugu egoera honi irtenbidea emateko”. Sindikatuak azpimarratu du patronalaren prestutasuna aurrera pausu zehatzetan eta lan baldintza duinetan islatu beharko dela.

Greba deialdia Nafarroan eta EAE mailakoa izan zen Hego Euskal Herriko sektoreko aldarrikapenak indartzeko asmoz. LABek dio EAEn ere greba deialdien ondorioz, mugimenduak egon direla eta Nafarroatik babesa adierazi diete lankideei.

Azkenik, LABek langile, autonomo eta greba babestu duten eragile zein pertsona orori eskertu die egindako esfortzua, eta borrokan jarraitzeko eskatu ere. “Argi geratu da sektorea batera jarduten dugunean eta aldarrikapenak kalera ateratzen ditugunean, aurrera urratsak lortzen direla. Hau ez da hemen amaitzen. Patronalak gu desmobilizatzeko asmoa badu, aurrean izango gaituzte, berriz ere mobilizazio zein beharrezkoak diren deialdiekin. Ez gara eduki minimoekin konformatuko, hemen borroka egiteko prest dagoen sektorea dago.”

Gehiago