Sustrai Erakuntza fundazioak etxebizitzaren aldeko greba orokorra babesten du

Sustrai Erakuntza Fundazioa

2026-ko azaroak 9

close-up of a woman's clenched fist raised in protest in favour of feminism. Feminism

Sustrai Erakuntza fundaziotik etxebizitza-eskubidea bermatzearen aldeko greba orokor deialdia babesten dugu. Izan ere, egun pertsonak eta baliabide naturalak ustiatuz etekin pribatuak ateratzean oinarrituta dagoen sistema ekonomiko eta politikoaren erabateko transformazioaren beharraz konbentzituta gaude. Sistema honek ezin dizkio gehiengo sozialari beharrezkoak dituen baldintza materialak ziurtatu: etxegabetzeak, prekarietatea, bizitzaren garestitzea, zerbitzu publikoen gainbehera, baliabide naturalen agorpena eta larrialdi klimatikoa.

Kalitatezko etxebizitza bermatzeko errotiko hiru eraldaketen beharra partekatzen dugu: espekulatzaileak desjabetzea, jarduera espekulatiboa galaraztea eta bizitza eta baliabide guztiak planifikatzea antolakuntza justu batendako, jendearen beharren araberakoa. Hiru eraldaketa hauek beste eremu zenbaitetan aplikagarriak dira: elikadura, energia, mugikortasuna eta garraioa.

Bizitza sostengatu ahal izateko oinarrizko sektoreak baitira hauek guztiak. Hortaz, ezin dira utzi enpresen interesen esku, giza-beharretatik urrun. Elikadurarena adibide argia dugu: Sektore honetan, haragi enpresa handiek laborantza lurrak eta eremu naturalak kutsatzen dituzten makroetxaldeak eta biometanizatzaileak bultzatzen dituzte, eta kutsadura hau ekosistemen bioaniztasuna mantentzen duen eta edaten dugun uretara ere irits daiteke. Energiaren sektorean ere baditugu honelako adibideak: sektore honetan, energia eta berriztagarrien enpresak, haien diru-goseak bultzatuta, landa eremuko bioaniztasunarekin bukatzen ari dira. Azkenik, garraioaren sektorean, Abiadura Handiko Trenaren eraikuntzaren zabalkundeak jada funtzionamenduan dauden trenbideen mantenimenduarendako erabili beharko liratekeen diru funtsak irensten ditu, honek guztiak aurten ikusi behar izan ditugun istripu samingarriak ekarri dituelarik. Gainera, AHTaren zabalpen honek berriz ere jokoan jartzen ditu gure inguruan dauden garrantzi handiko zonalde naturalak eta neurrigabeko proiektu urbanistikoak dakartza eskutik, Etxabakoizko kasuarekin bezala, esate baterako.

Honen guztiaren aurrean, uste dugu makina kapitalista gelditzeko beharra aditzera emateko modurik onena lanuzte orokorra dela, benetan sostengarria den sistema baterantz egin nahiko badugu, oinarrizko beharrak era justu batean beteko dituena, hala nola, etxebizitza eskubidea. Egun pairatzen ari garen etxebizitza-, gizarte- eta ekologiaren krisi honetatik ateratzeko, ez dugu uste edozein formulak balio duenik. Hortaz, grebak epe luzerako mugimendu baterako oinarria sortzeko balio behar du, errotiko aldaketen premiaren inguruan mobilizazio orokor bat bultzatzeko, gure bizi baldintzetan hobekuntzak lortze aldera eta oro har, biziarenak gure planetan.

Gehiago